Politika -
Osoko bilkura udaletxean
Marotok 'eragile' izan nahi du bakea lortzeko prozesuan
Gasteizko alkateak esan du "injustua" litzatekeela "Bilduk, ezker abertzaleak eta presoen kolektiboak pausoak eman dituztela ukatzea", izan ere, "ezin da ukatu egoera politiko berri batean gaudela".
Erredakzioa
Javier Maroto Gasteizko alkateak (PP) esan du bake prozesuan "eragile izateko betebehar etiko eta morala" duela eta "Bilduk, ezker abertzaleak eta presoen kolektiboak emandako pausoak" begi onez jo ditu, baina bakea lortzeko Bilduk ETAren hilketak "preseski" gaitzetsi behar dituela ohartarazi du.
Marotok adierazpen horiek egin dizkie Bilduk Gasteizko Udalean dituen sei zinegotziei udaletxean egin duten osoko bilkuran.
Haren esanetan, beharrezkoa da Bilduk emandako pausoei garrantzia aitortzea, baina baita koalizio abertzaleak "behingoz ETAren hilketak gaitzestea ere".
Alkateak azpimarratu du "aurrekaririk ez duen egoera politiko batean" daudela eta hori dela eta, bakea lortzeko bidean "eragile izateko betebehar moral eta etikoa" duela.
Marotorentzat "injustua" litzateke "Bilduk, ezker abertzaleak eta presoen kolektiboak pausoak eman dituztela ukatzea", izan ere, "ezin da ukatu egoera politiko berri batean gaudela".
Dena dela, Bilduri gogorarazi dio bakea lortzea "ezinezkoa" dela "ezinbesteko pauso bat eman gabe", hau da, "ETAren hilketak preseski gaitzetsi arte".
Bilduko kide askok ere hala pentsatzen dutela ziurtatu du, "baina ausardia falta zaie publikoki esateko eta hasitako bidea amaitzeko". Hori horrela, Bilduko zinegotziei esan die "ohorea" izango litzatekeela Gasteizentzat udaletxean pauso hori ematea. "Aparteko albistea izango litzateke eta asko poztuko nintzateke zuengatik eta euskal gizarte osoarengatik", adierazi die Marotok.
Kike Fernandez Bilduko zinegotziak erantzun dio koalizioak "indarkeria oro" gaitzesten duela eta "biktima guztien" errekonozimenduaren alde lan egingo duela.