Politika -
Politika orokorreko eztabaida
Arana: 'Presoak hurbiltzea ez dago zure esku, lehendakari jauna'
Guztien esfortzuen "metaketagatik" bakea hurbilago dagoela defendatu du Ezker Batuako bozeramaileak, eta ez PSEren eta PPren akordioarengatik soilik.
Erredakzioa
Mikel Arana Ezker Batuako bozeramaileak Patxi Lopez lehendakariari erantzun dio Eusko Legebiltzarrean: "Presoak hurbiltzea es dago zure esku, eta zuk badakizu".
Lopezen hitzaldia kritikatu du Aranak, izan ere, egungo egoera politikoa zuzenbidezko estatuaren ekintzaren emaitza dela defendatu du lehendakariak. "Agertoki hau posible izateko guztien esfortzuak batzea beharrezkoa izan da, eta ez du zure buruzagitzak ekarri, ezta PPrekin duzun itunak ere", aurpegiratu dio lehendakariari EBko ordezkariak.
Horrela, guztien esfortzuen "metaketagatik" bakea hurbilago dagoela defendatu du Aranak, eta ez PSEren eta PPren akordioarengatik soilik.
ETA desegitea benetan garrantzitsuena dela azpimarratu du EBko legebiltzarkideak, baina Eusko Jaurlaritzaren erantzukizuna prozesua "ez korapilatzea" dela gaineratu du. ETAren indarkeria desagertzen denean "elkarbizitza arazorik ez da izango, baina arazo politikoak jarraituko du", Aranaren ahotan.
Ekonomia
Ekonomia arloan, zerga iruzurrari aurre egiteko EBk egindako proposamenak berreskuratu nahi izatea aurpegiratu dio Lopezi Aranak, izan ere, orain dela gutxi errefusatu zituen PSEk.
Krisiari aurre egiteko martxan jarri diren neurriak "makillajea" direla salatu du EBko ordezkariak. Diru-sarrerak Bermatzeko Legeak planteatutako murrizketa soziala legealdiko "benetako" gauza bakarra izan dela kritikatu du Aranak.