Politika -

Politika orokorreko eztabaida

Aralar: 'Gobernuak enplegua suntsitu du eta gazteria prekario bihurtu'

Lehendakariak iragarritako elkarbizitza planari dagokionez, Aintzane Ezenarrok "memoriadun bakea" aldarrikatu du, "irabazleen eta galtzaileen" lengoaia alde batera utzita.

Ezenarrok nahikerian oinarritutako aurreikuspenak egitea leporatu dio Patxi Lopezi. Atgazkia: EITB.
Ezenarrok nahikerian oinarritutako aurreikuspenak egitea leporatu dio Patxi Lopezi. Atgazkia: EITB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aitzane Ezenarro Eusko Legebiltzarreko Aralarreko bozeramaileak "kalitatezko enplegua deusestatzea" eta "gazteena prekario bihurtzea" leporatu dio Patxi Lopez lehendakariaren Gobernuari.

Lehendakariari, gainera, "umiltasun gehiago" eskatu dio, batere bidezkoa ez delako "bere burua erreforma fiskalaz aritu den lehen politiko gisa aurkeztea", beste alderdi politiko batzuek aurretik horren inguruan sarri aritu direnean".

Aralarreko ordezkariaren hitzetan, "mingarria egiten da" "bere burua ezkertiartzat duen gobernu batek" gizarte laguntzetan murrizketak egitea PPrekin duen hitzarmenak bultzatuta. "Gero eta pertsona gehiago sistematik kanpo uzten ari zarete, urtean 3.000 pertsona, datuen arabera".

Elkarbizitza plana

Ezenarrok "positibotzat" jo du lehendakariak legegintzaldian lehen aldiz elkarbizitza plan bat Legebiltzarrera eramatea. Hala ere, Ezenarroren hitzetan, "elkarbizitza normalizatu orok memoriadun bakea behar du". "Bakea elkarbizitza da", esan du, "ez gerra bat irabaztea".

Zentzu honetan, Aralarreko bozeramaileak azpimarratu egin du "bakea irabazteko pentsamendu bakezalea behar dugu, ez gerran oinarritutakoa, garaile eta galtzaileekin. Era berean, ezin dugu alde baten bertsioa inposatu, hemen dauden batzuek nahi duten moduan".

Azkenik, Ezenarrok GALen eta Estatuaren indarkeriaren biktimei barkamena eskatzeko esan dio lehendakariari sinesgarritasun gehiago edukitzeko. "Ez dugu biktimen arteko bereizketarik nahi", gaineratu du Aralarreko ordezkariak. Ezenarroren hitzetan, "sufrimendua berdina da eta lehen pausoa Oroimenaren Egunean biktima guztiak sartzea da".

Lehendakariaren erantzuna

Lehendakariak erantzun egin dio Ezenarrori bakearekin "demokratek eta demokraziaren alde egin dutenek" irabazi egiten dutela totalitarioen aurrean eta "indarkeria, terrorismoa eta haien alde egin dutenak" galtzaile ateratzen direla esanda.

Eta hori horrela dela esan du bestela "edozein gauza ontzat hartzen duen" gizartean geundekeelako, "pentsaera desberdina duena hil egin liteke, gero ez bailegoke garaile ez galtzailerik".

Beraz "garaileak eta galtzaileak daude; demokrazia eta askatasuna garaile ateratzen dira, mehatxupean egon ondoren", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea