Politika -

Politika orokorreko eztabaida

Basagoiti: 'Espetxe politikan ez da aldaketarik egin behar'

"Legeek ito dutelako hiltzen utzi du ETAk, baina oraindik ez da desagertu", gogorarazi du Euskadiko PPko presidenteak.

Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidentea. Argazkia: EITB
Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidentea
Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidentea. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Espetxe politika ez da mugitu behar, mugitu behar dena ETA da", defendatu du Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidenteak Patxi Lopez lehendakariaren aurrean.

Politika orokorreko eztabaidan, "legeek ito dutelako hiltzen utzi du erakunde terroristak, baina oraindik ez da desagertu", gogorarazi du Basagoitik. "Oraindik desagertu ez dela kontuan hartzen ez badugu, akatsak egin ditzakegu", erantsi du.

Lopezen hitzaldiak mehatxu terrorista historia dela aditzera eman du, PPko buruzagiaren hitzetan. Baina ETA "ez da oraindik desagertu eta indarkeria gaitzesten ez duten sektoreak" daudela gogorarazi du Basagoitik. "Gobernua, espetxe politika eta ministroak ez dira mugitu behar, ETA eta kartzelan dauden gaizkileak baizik", erantsi du.

"Hona arte ekarri gaituen bidea gogoratu" behar dute alderdiek eta erakundeek, oinarrizkoa da, PPko presidentearen esanetan. "Amaiera demokratak idatzi behar dugu, terrorismoaren biktimekin batera", azaldu du. ETAren amaiera sekula baino gertuago dagoela onartu du Basagoitik, legen aplikazioari, Estatuaren irmotasunari, Poliziaren eraginkortasunari eta indarkeriaren gaitzespenari esker.

"Azken pausoetan inor ez nahasteko egin dugun ibilbidea argi izatea garrantzitsua da. Banda terroristak ez duen protagonismoa ez dio inork laga behar, ez du sekula borondaterik azaldu, eta inork ez du bere historia justifikatu behar, beste indarkeria eta aktore batzuekin alderatuz", erantsi du.

Ekonomia

Ekonomiak ere tartea izan du PPko presidentearen hitzaldian. Aberastasuna eta lanpostuak sortzeko saiatuei babesa eman behar zaiela defendatu du Basagoitik. Era berean, lehendakariak bultzatutako eztabaida fiskala kritikatu du PPko legebiltzarkideak. "Oportunismo politikotik abiatuta proposamenak egiten ari" direla salatu du. Proposamen horiek "ez dute zorroztasunik eta gizartea nahasteko helburu bakarra dute", erantsi du.

Horrela, EAJri eta PSEri lanpostuak sortzeko eta ekonomia suspertzeko akordio bat proposatu die. "Zerga politika eta politika ekonomiko sendo eta zorrotz bat adosteko mahai baten inguruan hirurak esertzea proposatzen dizuet, Euskadi oparotasunaren abanguardian kokatzeko. Urkullu eta Lopez jaunekin esertzeko prest nago eta ez naiz mahaitik altxako adostasun bat lortu arte", adierazi du.

PPren hitzaldia aintzat hartu du Lopezek

PPrena izan ezik, oposizioko alderdi guztien erantzun "eskasa" kritikatu du lehendakariak.

Alderdiei erantzuteko txandan, enpleguan, zerbitzu publikoetan, elkarbizitzan… konpromisoak planteatu dituela gogorarazi du lehendakariak, baina "PPren erantzuna kenduta", gainerako talde politikoena "eskasak" izan dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea