Politika -
Bilboko Udaleko lehen plenoa
Tasak % 2,5 igotzea onartu du Bilboko Udalak
Bilboko Udalak legegintzaldi honetan egin duen lehen osoko bilkuran Kukutza gaztetxearen eraisketa, PPk ETA gaitzesteko aurkeztu duen mozioa eta 2012an zergak igotzeko proposamena izan dira hizpide.
Erredakzioa
Bilboko Udaleko osoko bilkurak, EAJren gehiengo osoarekin, PSE-EEren abstentzioarekin eta PP eta Bilduren aurkako botoekin tasak % 2,5 igotzea adostu du, KPIren (kontsumorako prezioen indizea) azpitik eta bi urtez izoztuta izan ondoren. Gainera, ekonomia suspertzeko 8,5 milioi euroko neurri fiskalak adostu dituzte.
Tasak eta zergak bi urtez izoztuta egon ondoren, zergen eguneratzea 8,5 milioi euroko neurri fiskalekin orekatuta geldituko da; beraz, 2012an Udalak ez du dirurik aurreztuko.
Igoera hauez gain, osoko bilkurak Julia Madrazo izendatu du auzitegi ekonomiko-administratiboko kide bezala, EAJren botoekin, PSEren abstentzioarekin eta Bildu eta PPren kontrako botoekin.
Bilduri eta Kukutzari istiluak kondenatzeko eskatu diete EAJk, PPk eta PSEk
EAJk, PPk eta PSE-EEk Errekaldeko gaztetxearen eraisketa dela eta izan diren istiluak kondenatzeko eskatu diete Bildu eta Kukutza kolektiboari. Indarkeriaren aurkako eta Ertzaintza eta kaltetuekiko elkartasun gisa mozio bat onartu dute.
Bilduk, Kukutzak kultur arloan egindako lana goraipatzeko mozio bat eraman du lehen osoko bilkurara. Gaztetxea bota baino lehen idatzitako txostena da.
Hala ere, beste alderdiek zuzenketak aurkeztu dizkiote Bilduren proposamen honi, besteak beste indarkeria eta ondare publikoaren aurkako erasoak kondenatzeko. Kaltetuekiko elkartasuna adierazi dute gainera eta legearekin bat egitea "zuzenbidezko estatuaren" oinarria dela adierazi dute.
EAJk, PSEk eta PPk onartu dute testu hori eta Bilduk berriz aurka bozkatu du, izan ere Kukutza botatzeko erabakia Udalak bultzatutako "hirigintza alorreko azpijoko bat" izan dela adierazi du Aitziber Ibaibarriaga zinegotziak.
Udalak ETA kondenatu du Bilduk bozkatu ez duen mozio batean
EAJ eta PSEren botoen laguntzaz onartu du Udalak ETA kondenatzeko mozio bat. PP abstenitu egin da, izan ere beren testua aurkeztu dute popularrek gai honen inguruan. Bestalde, Bilduk ez du bozketa honetan parte hartu.
PPk ETAren hilketa guztiak, 857ak, kondenatzeko, taldea desagertzeko eta terroristak justiziaren aurrera eramateko eskatzen duen mozioa eraman du osoko bilkurara.
EAJk, bestalde, zuzenketa bat aurkeztu du: "Ekintza terrorista guztien aurkako kondena, eta batez ere ETArena" eskatzen duen testua. Biktimekiko elkartasuna adierazten da eta ETAri desagertzeko eskatzen diote.