Politika -
Kronologia
Ekinen ibilbidearen kronologia
Ekin erakundearen errepasoa, 1999ean hasi zenetik, 2011ean desegiten dela iragarri arte.
Erredakzioa
Ekin erakundea Iruñeako Anaitasuna kiroldegian aurkeztu zen 1999ko azaroaren 6an. Euskal nazio-eraikuntza oinarritzat hartuz, independentzia eta sozialismoa kalean bultzatzeko helburuarekin.
2000ko irailaren 13an, Baltasar Garzon epaileak erakundeko 20 lagun atxilotu zituen ETAren komisario politko izatea egotzita.
Kupula lehen aldiz 2001 urtean desegin zuten. Garzonek Ekin legez kanpoko jo zuen, indarkeriari laguntza ematea eta ETAren menpe egotea egotzita. Urte horretan, uztailaren 31an, epaileak Ekineko 31 kide prozesatu zituen.
2007ko abenduan, Auzitegi Nazionalak Ekin, KAS eta Xakiren aurkako makroprozesuan akusatutako 52 pertsonetatik 47ri 2 eta 24 urte arteko kartzela zigorra jarri zien. Hala ere, 2009ko maiatzean, Auzitegi Gorenak 9 absolbitu zituen eta gainerakoei zigorra laburtu zien, erabakian proportzionaltasunik ez zegoela erabaki ostean.
Prozesuaren izapideak 18/98 auziarekin abiatu ziren, Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailearen eskutik, eta ETAren ingurunearen aurka egin zen lehen prozedura judizial garrantzitsua izan zen. 2009ko abenduaren 7an amaitu zen, "ETAren muina" osatzea leporatuta, Angela Murillo epaileak Auzitegi Nazionalean zuzentzen duen Zigor-Arloko Salako Hirugarren Sekzioak 2 eta 24 urte arteko kartzela zigorrak ezarrita.
Auzitegi Gorenaren arabera, kondenatuek talde armatuaren jarduera "kale borroka" kontrolatuz eta zuzenduz osatu zuten; Ekinen kasuan, helburuak aukeratuz, eta Xakirenean, berriz, "erbesteratutako militanteak borroka armaturako errekuperatuz edo horiei ekintza terroristak egitea errazteko dokumentazioa emanez".
Ekinen aurkako azken operazioetako bat 2010eko irailaren 14an izan zen, ETAk oraindik indarrean dagoen su etena iragarri eta aste betera. Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande-Marlaska epailearen eta Guardia Zibilaren artean koordinatu zuten operazioa eta 9 lagun atxilotu zituzten. ETAren eta ezker abertzalearen arteko transmisio uhala izatea leporatu zieten.
Lau hilabete beranduago, bigarren operazio bat egin zuten. Barne Ministerioak bi operazioetan egin ziren 10 lagunen atxiloketak berretsi zituen . Irailean Ekinen zuzendaritzren aurka hasitako operazioaren luzapena zela esan zuen Barne Ministerioak.
2011ko urriaren 1ean, ezker abertzaleak hartutako norabidearen ondorio natural gisa iragarri du Ekinek erakundearen desegitea.