Politika -
Covite Saria
Joseba Arregi: 'Ekin desegitea hildako baten suizidioa da'
Indarkeriaren Biktimen Elkarteko presidenteak, Maite Pagazaurtunduak, saria Joseba Arregiri eman dio eta honek "hiltzaileak heroiak bilakatzea" salatu du.
Erredakzioa
Joseba Arregi Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohiak jaso du aurten Covite Saria. Sari horien X. edizioan, Ekin desegitea "hildako baten suizidioa" dela esan ondoren, "hiltzaileak eta beren laguntzaileak heroi bilakatzen ari dira", salatu du.
Indarkeriaren Biktimen Elkarteko presidenteak, Maite Pagazaurtunduak, eman dio saria Joseba Arregiri. Erakundeetako ordezkariak eta politikariak egon dira bertan, besteak beste, Arantza Quiroga, Miguel Buen, Maixabel Lasa eta Borja Semper.
"Magia balitz bezala, egunotan hiltzaileak eta bere laguntzaileak heroiak bilakatzen ari dira; beraiek omen dra bakea ekarriko digutenak, hausnarketak egiten dituztenak, egiazko demokratak eta gure erakundeak bideratzen dituztenak", kritikatu du Arregik. Ekinen desegitea "pauso handi bezala saldu" nahi dela kritikatu ostean, "hildako baten suizidioa" dela esan du. Indarkeriaren biktimak "ilusionatuta" daudela adierazi du, "ETA desagertzeko bidean dagoelako", baina "euskal gizartearen etorkizuna 800 lagunen hilketa eragin duten arrazoietan oinarritzen ez denean egongo dira pozik eta ilusionatuta benetan. Gernikako Akordioak esaten duenaren kontrakoa, batzuentzat bat-batean Biblia bilakatu dena".