Itxi

2020/09/15

11:18

Politika

Elkarrizketa

Otegi: "Jokoan dagoena aurrekontuez harago doala esango diogu Iglesiasi"

Radio Euskadi | Erredakzioa

EH Bilduko koordinatzaile nagusiak aurreratu du Mertxe Aizpurua diputatua Espainiako Gobernuko presidenteordearekin bilduko dela. Jaurlaritza ahotan, "harrokeria politikoa" egotzi dio.

  • Arnaldo Otegi, Radio Euskadiko estudioetan.

    Arnaldo Otegi, Radio Euskadiko estudioetan. Argazkia: EiTB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak iragarri duenez, Mertxe Aizpurua koalizioko diputatua bihar bilduko da Pablo Iglesias Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Eskubide Sozial eta Agenda 2030eko ministroarekin, eta datorren astean Carmen Calvo lehen presidenteorde eta Presidentetza, Gorteetako Harremanak eta Memoria Demokratikoko ministroarekin. Aurrekontuak izango dituzte hizpide, eta Otegiren esanetan, "jokoan dagoena aurrekontuez harago doala" helaraziko diote Unidas Podemoseko buruzagiari.

Gaur hezkuntzan deituta dagoen grebari buruz ere galdetu diote Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Otegik estu hartu du Hezkuntza Sailaren jarrera: "Ez dituzte irakasleak kontratatu, ikastetxe batzuetan gelak falta dira, ratioak ez dituzte jaitsi... zergatik ez da mahai baten bueltan hezkuntza komunitatearekin bildu?". Salatu duenez, Jaurlaritzaren "gobernantza eredua ez dago egoeraren mailan".

Jaurlaritzaren jarrera Nafarroako Gobernuak duenarekin alderatu du EH Bilduko koordinatzaileak: "Chiviteren gobernuak gurekin hitz egiten du aldiro-aldiro, eta hezkuntza komunitatearekin hartu-emanetan da". Otegiren ustez, "denok norabide berean arraun egiteko erabakiak partekatu behar dira eta norabidea adostu".

Mendiaren adierazpenei ere erantzun die Otegik: "Orain COVID-19ak izango du Estatutua osorik ez betetzearen errua... Madrilekin egiten diren itun batzuk ez dira betetzen. Harreman eredu hori da aldatu behar dena. Subiranotasun barik ezin diegu herritarren arazoei heldu". 

Jaurlaritza berria ahotan, Otegik esan du EAJ eta PSE-EE gutxiengoan zeudenean euren "ekimenak gutxiesten" zituztela, bada orain, gehiengo absolutuarekin, "harrokeria politikoz" ari direla.

Bilerak Iglesiasekin eta Calvorekin

Otegik iragarri duenez, Mertxe Aizpurua bihar bilduko da Pablo Iglesiasekin eta datorren astean, Carmen Calvorekin. Horren ustez, "Madrilen jokoan dagoena ez da bakarrik pandemiari zelan aurre egin, baita Espainiako Estatuak datozen urteetan izango duen norabide politikoa ere. Aurrekontuez harago doa"

"Inbestiduraren blokeari eutsi behar zaio, bestela Ciudadanos sartuko da ekuazioan, eta ezinbestean, inbestidura blokea apurtuko da. Ciudadanosen politika eta gureak bateraezinak dira", nabarmendu du. Gogorarazi duenez, alderdi laranja "IBEX-35eko sektore jakin batzuek diruz lagundu zutelako hazi zen, eta prozesu independentistaren kontra aritzeko jaio zen Katalunian". EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren ustez, Ines Arrimadasen alderdiak "programa sozioliberala du, eta horrekin zaila da herritarrak klabe sozialean babestea. Espainiako Gobernuak bazkideen artean aukera egin beharko du".

COVI-19ak utzitako egoera "oso larria" dela azpimarratu du Otegik, eta krisi sozial eta ekonomikoa ate joka dagoela.  

_________________

Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;