Politika -
Popularren kritika
Basagoitik EAEko fiskal nagusiaren adierazpenak gaitzetsi ditu
Fiskaltzari ETAren inguruan "ez erlaxatzeko" eskatu dio eta bakerantz "asko aurreratu den arren", "egindako mina aitortu gabe" jarraitzen dutela salatu du.
Erredakzioa
Antonio Basagoiti EAEko PPren presidenteak Juan Calparsoro EAEko Auzitegi Nagusiko fiskalaren hitzak gaitzetsi ditu. Calparsorok ETAko kideei "ausartak izateko" eta euren desegitearen berri emateko eskatu zien atzo, "herriak eta Justiziak pauso hori aintzat hartuko luketela eta eskuzabalak izango direla", erantsi zuen.
Basagoitik Copen egindako elkarrizketa batean adierazpen horiek gaitzetsi ditu. Bere ustez, bakerantz aurrera egin izan denean "ergelkeria eta onak egiteko nahia" piztu izan da beti, eta aldi honetan, Rubalcabaren PSOEren hauteskunde interesak batzen direla azpimarratu du.
Fiskaltzari "ez erlaxatzeko" eskatu dio "ETAk ez dituelako armak utzi" eta bake bidean "asko aurreratu" den arren, terroristek "egindako mina aitortu" gabe eta "bakean utzi gabe" jarraitzen dutela adierazi du Basagoitik.
EAEko popularren liderrak "terrorismoarekin bukatzeko aukera ez zapuzteko" eskatu dio PSOEri eta erakundearen kontrako "pauso judizial eta polizial onak" ematen jarrai dezatela eskatu du.
Hala, PP gobernura iristen denean, "ETAk jarraitzen badu, armak utzi ez baditu eta egindako mina aitortu ez badu", "eta Bilduk gaitzespenik egin gabe" segitzen badu, popularrek ez dutela "egin beharrekoa egiteko" inolako erreparorik izango azaldu du Basagoitik.