Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Barcinak orokorretan beti PPrekin joan direla erantzun dio Sanzi
Nafarroako Gobernuko presidenteak PSNrekin duen Gobernu akordioa "beste batzuen" gainetik dagoela esan du.
Erredakzioa
Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak Miguel Sanz bere aurrekoari erantzun dio, modu inplizituan, eta 1982az geroztik hauteskunde orokorretan UPNk beti eskatu duela PPren aldeko botoa esan du.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketan Barcinak ez ditu Sanzek UPN eta PPren koalizioaren inguruan egindako kritikak baloratu nahi izan, bien arteko harremana "errespetuzkoa" dela baino ez du erantzun.
Barcinak adierazi duenez, popularrekin adostutako akordioak ez dio zertan UPNk eta sozialistek hitzartutako Gobernuari eragin behar, eta era guztietan, aliantza hori beste batzuen gainetik dagoela azaldu du eta hasi berri den legealdirako izenpetuta dagoela.
Halaber, Amaiur koalizio abertzalearen sarreraz gain, UPN eta alderdi popularra "askogatik" Nafarroan lehen indarra izango direla esan du.