Politika -

Kanpo portua

Gipuzkoak ez du Pasaiako kanpo portua bultzatuko

Aldundiak esan du ez duela nahi lurraldeak ekonomikoki "porrot egitea" eta ez dituela sustatuko "beharrezkoak ez diren makroproiektuak".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Aldundiak esan du ez duela EAJ-H1!ren agintaldian egin zuten akatsa errepikatuko eta ez duela Gipuzkoako ekonomia "beharrezkoak ez diren makroproiektuetan" oinarrituko, lurraldeko ekonomia "ia porrotera" eraman zutelako. Hori horrela, Bilduren Aldundiak ez du Pasaiako kanpo portuaren proiektua sustatzeko asmorik.

Aldundiak agiri batean azaldu dutenez, EAJk, PPk eta PSEk sustatzen duten egitasmoa "ez da bideragarria eta badakite". Horren harira, "krisi betean horren azpiegitura handia" proposatzea "onartezina" dela adierazi du Aldundiak. Gainera, talde ekologisten, Ingurugiro Ministerioaren eta adituen txostenen arabera "hondamendi naturala" izango litzatekeela azpimarratu du.

Era berean, Pasaiako eta inguruko herritarrek "gogoeta egin ondoren, kanpo porturik ez dutela nahi" gogorarazi du Martin Garitano buru duen eraundeak.

Aldundiarentzat, PPk, EAJk eta PSEk bat egin dute Pasaiako kanpo portuaren inguruan eta "lehengo akats berak errepikatuko dituzte, irtenbide egokirik proposatu gabe, dirua xahutzea lehenetsiz".

Hori horrela, alderdi horien helburua "diru publikoa interes ekonomiko pribatuen alde erabiltzea eta enpresa energetikoen etekinak handitzeko azpiegiturak finantzatzea" dela salatu du.

Gipuzkoako Aldundiak berretsi du ez dela "joko horretan" sartuko eta "pertsona guztien errespetuan, lankidetzan eta partehartzean" oinarrituko duela bere lana.

"Bide hori egingo dugu Pasaiako badia biziberritzeko, herritarren erabakiak errespetatuz, han bizi direnen eta lan egiten dutenen beharrei erantzunez eta lanpostuak sortzeko ekonomia suspertuz", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea