Politika -

Katalunia

Torra: "Haustura demokratikoa da aurrera egiteko modu bakarra"

Generalitateko kontseilariak ondoan zituela, Quim Torrak salatu du bere kargugabetzea Estatuaren "mendekua" dela, eta datozen hauteskundeak "plebiszitutzat" hartzeko deia egin du.

Quim Torra, Generalitateko Jauregian. Argazkia: EFE
Quim Torra, Generalitateko Jauregian.
Torra: 'Aurrera egiteko, beharrezkoa da haustura demokratikoa'

1:22

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Gobernuko kontseilariek babestuta, Quim Torrak agerraldia egin du astelehen arratsaldean Generalitateko Jauregian, bere kargugabetzea salatzeko.

Espainiako Auzitegi Gorenak emandako ebazpenaren ondorioz, Torra presidente kargutik kendu dute eta datozen hilabeteetan hauteskundeak deitu beharko dituzte Katalunian.

Hauteskunde horiek independentzia prozesuaren "inflexio-puntu" bilakatzeko eta 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren emaitza berretsiko duen "plebiszitutzat" hartzeko eskatu die herritarrei.

"Estatuko aparatuek Generalitateko presidente bat gaitasungabetzen duten bitartean, ustelkeriaz akusatutako errege bati diktadura batean ezkutatzen laguntzen diote", salatu du.

Horrela, bada, otsailean izan daitezkeen hauteskundeetan gizarteak erabaki bat hartu beharko duela ohartarazi du: "demokrazia eta askatasuna edo errepresioa eta inposizioa hautatu beharko dute; hau da, konpromiso zibikoan oinarritutako Errepublika edo banderen eta Armadaren monarkia espainiarraren arteko hautaketa egin beharko dute".

Independentismoak bere helburua erdietsi ez duela aitortu badu ere, Torrak azpimarratu du ez dutela atzera egin eta erantsi du mugimendu soberanistak ez diola beldurrik hauteskundeen aurrean.   

Kataluniak gaur egun ez dituela erakunde sendoak, baina Kataluniako gizartea dinamikoa eta bizia dela, eta independentzia lortzeko "oztopoetako bat autonomia" dela nabarmendu du.

Hori dela eta, "aurrera egiteko modu bakarra haustura demokratikoa" dela esan du, 2017ko urriaren 1eko erreferenduma adibidetzat jarriz. "78ko erregimena atzean uzteko berme bakarra mugimendu independentista da, eta mugimendu independentistaren berme bakarra antolatutako herritarren konpromisoa da", adierazi du.

Horrez gain, bere kontrako ebazpena Estatuaren "mendekua" dela salatu, eta justizia bila Europara joko duela iragarri du: "Epaile batzuek erabaki dute ezin naizela Kataluniako presidente izan. Esan nahi dizuet mendekua hartzea helburu duen lege bidegabe batek ez duela demokrazia menderatuko, eta beste presidente bat paretik kentzeko egin dituzten irregulartasunak Europara eramango ditudala, Kataluniako independentistok Europan soilik lor dezakegulako justizia".

Amaitzeko, independentzia lortzeko bidea ez dela "oztopo" izango, eta "lagungarri" izan daitekeen tokian "atsedenik gabe" lanean segituko duela ziurtatu du.

Jendetza bildu da Generalitateko Jauregiaren parean

Bestalde, ehunka manifestari bildu dira Bartzelonako Sant Jaume plazan, presidente kargugabetuari babesa emateko. Agerraldia amaituta, Torra 19:20 inguruan atera da Generalitateko Jauregitik.

Emaztea eta Gobernuko kontseilariak lagun zituela, Torrak Kataluniako preso politikoen eta erbesteratuen askatasunaren aldeko pankarta hartu du eskuetan. Hain zuzen ere, aldarrikapen hori eta lazo horia zuen pankarta bat Generalitateko balkoian jartzeagatik zigortu dute.  

Ehunka lagun izan dira Sant Jaume plazan Quim Torra babesteko
Ehunka lagun izan dira Sant Jaume plazan Quim Torra babesteko
Ehunka lagun izan dira Sant Jaume plazan Quim Torra babesteko

0:46

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako hauteskundeak Pere Aragonès Kataluniako Generalitatea