Politika -
Helegite bati erantzunez
Gobernuaren erabaki politikoak apela daitezke, Gorenaren arabera
Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio Generalitateko presidentearen 2006ko irailaren 7ko dekretuaren kontra helegitea aurkeztu zuen herritarrari. Dekretuak Kataluniako Parlamentua desegiten zuen.
Erredakzioa
Auzitegi Gorenaren epai baten arabera, Gobernuaren eta Erkidegoen ekintza eta erabaki politikoen aurka helegitea aurkezteko aukera dago administraziorako auzien jurisdikzioaren aurrean, gizakien oinarrizko eskubideen kontra egiten dutenean.
Gorenaren erabaki horren txostengilea Enrique Lecumberri magistratua izan da eta Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren (TSJC) aurreko epaia indarrik gabe uzten du. Epai haren arabera, ez dago inolako aukerarik oinarri politikoa duten ekintzen eta Gobernuaren ekintzen kontrako helegiterik aurkezteko.
Gauzak horrela, Gorenak arrazoia ematen dio Generalitateko presidentearen 2006ko irailaren 7ko dekretuaren kontra helegitea aurkeztu zuen herritarrari. Dekretuak Kataluniako Parlamentua desegin eta hauteskundeak deitzen zituen urte hartako azaroaren 1erako.
Eserlekuen banaketa, zalantzan
Helegiteak zalantzan jartzen zuen Kataluniako probintzien eserleku banaketa. Salatzailearen ustez, banaketa horrek ez zuen hautesle-erroldaren proportzionaltasuna islatzen eta Lleida, Girona eta tarragonaren ordezkaritzari garrantzia ematen zion, Bartzelona jendetsuenaren kaltean.
TSJCak ez zuen helegitea bideratzea onartu Zuzenbide Administratiboari lotutako Administrazio Publikoaren ekintza ez zela ikusten zuelako. Auzitegiaren hitzetan, "izaera politikoa duen ekintza da", Generalitateko presidenteari antolamendu juridikoak ematen dizkion "subiranotasun, funtzio eta boterean" oinarritutakoa.
Ondorioz, Gorenak TSJCren erabakia indarrik gabe uztea erabaki du eta izapideekin jarraitzeko agindua ematen dio Pasqual Maragallek 2006ko irailean sinatutako dekretua legezkoa ala legez kanpokoa den erabakitzeko.