Politika -
Mugimendua
"Euskal Errepublikaren alde" Legebiltzarra inguratzeko deia egin du Ehun-ek
Errepublika aldarrikatzea "krisiak gure bizitzetatik erausteko" eta enplegua, osasuna, hezkuntza, kultura, pentsioak eta energia bezalako "erronkei" aurre egiteko tresna da.
Agentzia | Erredakzioa
Euskal Errepublika Ehuntzen (Ehun) mugimenduak urriaren 22an Eusko Legebiltzarra inguratzeko deia egin du "burujabetza eta euskal errepublika bat aldarrikatzeko".
Gasteizen egindako agerraldi batean, Marta Macho eta Ainhoa Gutierrez bozeramaileek adierazi dutenez, "Espainiako 78ko Erregimenak, bere monarkia, bere marko autonomiko, bere krisi eta agintari, iruzurti, hitzontzi eta alfonbra saltzaileek, zentzu guztietan suposatzen duten hondoratze jarraituaren aurrean, gure gorputzak eta lurraldeak askatzeko una iritsi da".
Euren ustez, XXI. mendea "erronka" bat da "enpleguan, osasungintzan, hezkuntzan, hizkuntzan, zaintzetan, pentsioetan, elikaduran eta energian", eta esan dute autonomia estatutuek ez dutela balio. "Herri gisa ditugun erronka guzti hauei aurre egiteko, hemen eta orain, burujabetza behar dugu, benetako autogobernua, errepublika propio bat”.
Horregatik, Eusko Legebiltzarra "inguratzeko" deia egin dute, urriaren 22an 12:00etatik aurrera, "krisiak gure bizitzetatik erausteko tresna Euskal Errepublika dela aldarrikatzeko".