Politika -
Azaroaren 20ko hauteskundeak
EAJk Euskadiko indar politiko nagusia izan nahi du hauteskundeetan
"Euskadiren alde" eta "Euskadik ahal du" leloak aukeratu dituzte jeltzaleek azaroaren 20ko hauteskundeetako kanpainarako.
Erredakzioa
EAJk bi helburu nagusi izango ditugu azaroaren 20ko hauteskundeetan, Euskadiko Indar politiko nagusia izatea, eta Madrilgo Gorteetan talde parlamentarioa izateko diputatu nahikoa lortzea.
Josu Erkoreka jeltzaleen Bizkaiko zerrendaburuak hauteskunde kanpainaren ardatz nagusiak aurkeztu ditu Bilbon emandako prentsaurreko batean, Joseba Aurrekoetxea kanpainako arduradunarekin batera.
"Euskadiren alde" eta "Euskadi puede (Euskadik ahal du)" bi lelo horiek aukeratu dituzte azaroaren 20ko hauteskundeetarako kanpainarako. Lelo "osagarriak" direla azpimarratu dute, batetik, Euskadiren interesen defentsa islatu nahi dutelako eta bestetik, "gugan, euskal gizartean, eta Euskadin dugun konfiantza".
Erkorekak adierazi duenez, "Euskadiren alde" dioen leloak, "Euskadiren interesen defentsa" islatzen du, bere alderdiak Kongresuan eta Senatuan egindako lana, hain zuzen. "Funtzionatzen duen eredu sozioekonomiko baten eta politika egiteko modu baten defentsa ere islatzen du", erantsi du Erkorekak, "emaitzak eman ditu eta emaitzak ematen jarraitu behar du", adierazi du jeltzaleen Bizkaiko zerrendaburuak.
Bere ustez, jeltzaleen ordezkariek Kongresuan egin duten lanak "Euskadik planteatutako erronkei modu arrakastatsuan" aurre egiteko aukera badagoela erakusten du.
Hala, "Euskadi puede (Euskadik ahal du)" leloarekin horixe azaldu nahi dute. "Guregan dugun konfiantza, euskal gizartean duguna, Euskadin duguna islatu nahi dugu", azaldu du Erkorekak "jarritako erronkei aurre egiteko gai delako", erantsi du.
"Autogobernuan aurrera" egin dela azaldu dute jeltzaleek eta "Estatuak Euskadin egindako inbertsioak handitu" egin direla adierazi dute, "ekonomiaren garapenak behar dituen baldintzak eta euskal industriaren teknifikazioa bultzatuz".
Halaber, Euskadik "estatus politiko berri bat" lortu dezakeela adierazi du Erkorekak, "Gehiengo batek demokratikoki proposatutakoa lor dezakegu", erantsi du.