Politika -
Astelehenean izango da
Nazioarteko Bake Konferentziak biktimak 'umiliatzen' dituela dio PPk
Alfonso Alonsoren ustez, Donostian egingo duten Konferentziaren helburua "ETAren historia kriminala legitimatzea da".
Erredakzioa
Donostian egingo duten Nazioarteko Bake Konferentziak "ETAren historia kriminala legitimatu" nahi duela salatu du Alfonso Alonso Arabako PPko presidenteak. Horrekin batera, asteleheneko batzarrak biktimak "umiliatzen" dituela adierazi du.
Kongresurako Arabako hautagaien zerrenda aurkezteko prentsaurrekoa eman du Alonsok Gasteizen. Alonso bera da Kongresurako zerrendaburua eta Ramon Rabanera Senatuko zerrendakoa. Kazetarien galderei erantzunez, Arabako popularren liderrak "ETAren aldeko propaganda ekitaldia" dela esan du, "Bilduk babestutakoa".
Bere ustez, Konferentzia "atzera pausoa" da askatasuna berreskuratzeko eta demokrazia defendatzeko bidean. Helburua "jendearengan amnesia eragitea da", indarkeria eta terrorismoaren erabilera legitimatzeko.
"KAS alternatibaren, autodeterminazioaren, amnistiaren, betiko errezeten eta ETA eta Batasunaren betiko hitzen beste aurkezpen bat izango da ziurrenik, baina euskal gizartearentzak elementu arriskutsu eta kaltegarri batekin batera: ETAren historia kriminala legitimatzeko eta aldarrikatzeko saioa", azaldu du Alonsok.