Politika -
Koronabirusa
Neurri murriztaileak ezartzearekin batera laguntzak eman behar direla dio EH Bilduk
Koalizio soberanistaren arabera, neurri murriztaileak ez dira nahikoa pandemiak eragindako osasun krisia eta arazo sozioekonomikoak konpontzeko. Sektoreen arteko mahai bat eratzea eskatu du berriro.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kutsatzeen gorakada gelditzeko asmoz Eusko Jaurlaritzak hartu dituen neurrien berri izan eta gero, EH Bilduk azpimarratu du "neurri murriztaileak ezartzearekin batera sektore kaltetuenentzako laguntzak eman" behar direla.
"Osasun larrialdi egoera honetan, osasuna bermatzea izan behar da lehentasuna, osasunik gabe ez baitago ekonomiarik", azpimarratu du.
Koalizio soberanistak ohartarazi du arazo hau konpontzeko neurri murriztaileak ezartzearekin ez dela nahikoa. "Lehendabiziko olatuaren ostean esan genuen honetatik guztitik atera behar dugun ikasgai nagusia dela ezinbestekoa dela osasunean eta zerbitzu publikoetan inbertitzea, baina azken hilabeteotan ez da horrelakorik izan", deitoratu du.
"Aurreikuspen faltak eta oinarrizko zerbitzu sozialetan inbertsiorik egin ez izanak pandemiak eragindako osasun krisiari eta arazo sozioekonomikoei aurre egitea zailtzen du", erantsi du.
EH Bilduren iritzian, Euskal Herria "azken hamarkadetako erronkarik handienetako baten aurrean" dago eta "larrialdi egoera honek denok batera lan egitea eskatzen du".
Horrela, bada, beste behin eskatu die Iñigo Urkullu lehendakariari eta Eusko Jaurlaritzari "sektoreen arteko mahai bat" sortzeko. Foro horretan gobernuek, alderdi politikoek, eragile ekonomikoek, talde sozialek eta sindikatuek parte hartuko lukete, adituekin batera, guztien artean konponbideak bilatzeko.
Ildo horretan, oposizioko alderdiekin hitz egin ez izana aurpegiratu dio lehendakariari. "Estatuari alarma egoera ezartzeko eskaera egitea bere kabuz erabaki zuen Urkulluk, oposizioko alderdiekin hitz egin gabe, eta gaur iragarritako neurriak ere ez ditu aurrez talde politikoekin konpartitu", kritikatu du.
"Tamaina honetako krisi batetik ateratzeko modu bakarra herrian ditugun indar guztiak batzea da, batera jardutea eta erabakiak konpartitzea", nabarmendu du.
Bestalde, Podemos Euskadik ere antzeko bidetik jo du eta alderdien arteko mahai bat eratzea proposatu du beste behin, krisiaren ondorioei aurre egiteko "ezkutu soziala" adosteko.
"Asteak daramatzagu Urkulluri gaur iragarri dituen neurriak martxan jar ditzala eskatuz, pandemiari aurre egiteko. Premiazkoa da alderdien arteko mahai bat sortzea, krisi honek eragindako ondorio larrien aurrean ezkutu sozial bat adosteko", adierazi du alderdi moreak sare sozialetan.
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea eta PSE-EEko idazkari nagusia, berriz, ziur agertu da herritarrek zorrotz beteko dituztela gaur ezarritako neurri murriztaileak eta alderdiei "berekoikeriarik gabe eta guztion ongizatean pentsatuz" jardun dezatela eskatu die, "gizartea ikus dezan elkarlanean ari garela eta mezuak norabide berean doazela".