Politika -
Bake Konferentzia Donostian
Goirizelaia, 'irabazlerik eta galtzailerik gabeko' bakearen alde
Ezker abertzalearen ordezkariak uste du autodeterminazioa eta Euskal Herriaren nazio izaera aitortzea beharrezkoak direla.
Erredakzioa
Jone Goirizelaia ezker abertzalearen ordezkariak "irabazlerik eta galtzailerik gabeko" bakearen aldeko apustua egin du. Era berean, autodeterminazioa eta Euskal Herriaren nazio izaera aitortzea beharrezkoak direla uste du eta errefusatu egin du biktimen artean bereizketak egitea eta batzuk besteen gainetik jartzea.
Goirizelaiak Ser irrati-katean egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, ez du ulertzen zergatik esaten duten ezker abertzalearen "taktika" bat dela gertatzen den guztia, izan ere, ezker abertzaleak "azkenaldian agerian utzi du, egin dituen gauza guztiekin, taktikarik ez dagoela, benetako erabaki sakon bat dagoela, ezker abertzale osoak hartutakoa irtenbide bat bilatzeko".
"Gatazkari benetako irtenbidea emateko bi giltza daudela uste dugu: autodeterminazio eskubidea eta Euskal Herriaren nazio izaera aitortzea", adierazi du Goirizelaiak.
Bestalde, ezker abertzalearen ordezkariak esan du "oso garrantzitsua" dela baita ere "irabazlerik eta galtzailerik gabeko" bakea lortzea eta "justua eta iraunkorra" izatea.
"Ezker abertzaleak dena ondo egin duela pentsatzen duela esatea ez da egia. Gogoeta egin dugu eta ondo eta gaizki egin duguna atzeman ondoren, Zutik Euskal Herria dokumentua egin genuen", azpimarratu du.
Abokatuak ez du "biktimen arteko kategoriez edo sufrimendu gehiagoz edo gutxiagoz" hitz egin nahi izan, "oso zaila" baita. "Biktima guztiei izaera bera eman behar zaiela ulertzen dut, errekonozimendu bera izatea denek, eta beste leku batzuetan gertatu dena ikusita, ez dut uste protagonismo berezia izan behar dutenik alderdi politikoek eztabaidatu behar dituzten gaietan", gaineratu du Goirizelaiak.