Politika -
ETAren adierazpena
ETAren adierazpenak oihartzun handia izan du nazioarteko prentsan
ETAren jarduera armatuaren "behin betiko" amaiera nazioarteko komunikabide gehienek jaso dute, azalean ez bada, nazioarteko gaien atalean.
Erredakzioa
ETAren ekintza armatuen "behin betiko" amaiera iragartzen duen adierazpenak oihartzun nabarmena izan du mundu osoko hedabideetan.
Le Figaro egunkari frantsesak titular hau jarri dio: "ETAk armak uzteko konpromisoa hartu du". Egunkariak azpimarratzen duenez, "Frantziak eta Espainiak egindako etengabeko operazioek, erakundea ahuldu dute".
Libération: "ETAk behin betiko utzi ditu armak". Nazioarteko gaien atalean sailkatu du albistea, "erakunde terroristak Euskal Herriaren independentziagatik hasitako 40 urtetako jarduera armatuaren behin-betiko amaiera iragarri zuen atzo", jasotzen du Libérationek.
Le Mondek ere jaso du albistea eta titular hau jarri dio: "ETAk jarduera armatuaren amaiera iragarri du".
Erresuma Batuko komunikabideek ere jaso dute ETAren adierazpena.
BBC: "ETAk jarduera armatuaren amaiera iragarri du". Webgunean adierazten duenez, ETAren komunikatua aldez aurretik ezagutzeko aukera izan zuen eta erakundeak 2010ean kaleratutako agiria BBCren bidez ezagutzera eman zuela aipatzen du. Iazko irailean, hain zuzen, ETAk eraso armaturik ezegitea erabaki zuela jakinarazi zuen BBC telebista kate britainiarrean.
The Guardian: "ETAk gatazka armatuaren amaiera adierazi du"
The Timesen atari digitalean ere jasotzen dute ETAren erabakia: "ETAk behin betiko utzi ditu armak"
Amerikako Estatu Batuetan berriz, The New York Timesek "Euskal separatistek indarkeria kanpaina amaitu dute". Londresetik, John F. Burns kazetariak sinatutako albisteak BBCk eta The New York Timesek ETAren agiria jaso zutela azaltzen du, eta arratsaldeko 19:00etan argitaratzeko agindua zutela.