Politika -

ETA-REN ADIERAZPENA

Lehendakariaren deialdira joango dira EAJ, PP, EA eta EB

EAJ, PP eta EAko bozeramaileek "lidergo eza erakutsi ondoren orain protagonismoa bilatzea" aurpegiratu diote lehendakariari.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk, PPk, EAk eta EBk Patxi Lopez lehendakariak eginiko deialdiari erantzungo diotela esan dute, alderdi guztiekin eta lehendakari ohiekin ETAren amaieraren ostean aro berriari ekiteko egin nahi duen elkarrizketen erronda.

Joseba Egibar (EAJ), Leopoldo Barreda (PP) eta Juanjo Agirrezabala (EA) bozeramaileek Radio Euskadin baieztatu dute deialdira joango direla, baina "lidergo ezaren aurrean, protagonismo beharra duela" aurpegiratu diote guztiek lehendakariari.

Patxi Lopezek "lur hartu behar du", esan du Egibarrek, "oraingoan ere jokoz kanpo harrapatu baitute". Horren ustez, "lehendakariak protagonismoa ez duen bakoitzean, erronda batera gonbidatzen gaitu guztiok". ETA gatazkaren ondorio bezala azaldu izan zaigu urte hauetan guztietan zehar, eta orain ETAren indarkeriak eragindako ondorioez hitz egin behar dugu", adierazi du Egibarrek.

Ezker abertzaleak "urte hauetako azterketa kritikoa zor dio gizarteari, ETA gatazkaren ondorio saihestezin bezala azaldu duelako, eta ekidin zitekeen", uste du Egibarrek.

Leopoldo Barreda PPko legebiltzarkideak ere lehendakariaren deialdira joango direla esan du, ETAren aurrean exijentzia maila mantentzen jarraitzeko". Erakunde terrorista " ez da desegin eta behin betiko desegitea lortu behar dugu", esan du.

Bestalde, ekimen honekin lehendakariak "protagonismoa irabazi" nahi duela uste du Barredak.

Juanjo Agirrezabalak (EA) gauza bera esan du. Aste honetan "ez egotea" aurpegiratu dio eta "une garrantzitsuenetan ez dagoen lehendakariaren lidergoa" zalantzan jarri du.

Mikel Aranak (EB), Bilbon eman duten prentsaurrekoan, "poz-pozik" joango direla esan du. Alderdien arteko mahaia orain hilabete batzuk jada EBk proposatu zuela gogoratu du eta PSEren "kontrako erantzuna" jaso zuela esan du Aranak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea