Politika -

ETA-REN IRAGARPENA

Bakearen Aldeko Koordinakundeak iraganeko hutsen kritika eskatu du

Bakearen Aldeko Koordinakundea "pozik eta ase" agertu da ETAk bere jarduera armatua behin betiko amaitzea erabaki duela jakinda.

Bakearen aldeko koordinakundea Bilbon. Argazkia: EITB
Bakearen aldeko koordinakundea Bilbon. Argazkia: EITB
Bakearen Aldeko Koordinakundea Bilbon elkartu da euren iritzia adierazteko

00:26

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAk jarduera armatuaren amaiera iragarrita, bakearen aldeko koordinakundeak esan du Euskadiren etorkizuna "iraganean egindako hutsen analisi kritikotik" hasi behar dela, "indarkeriaren ostean injustizia gehiago onartezinak direlako".

Ehunka lagun bildu dira Bilboko Arriaga plazan "Lortu dugu" lelopean. "Orain lasaitasuna eta zuhurtzia beharrezkoak dira", azaldu dute bertan irakurritako komunikatu batean.

ETAren aurkako borrokan gainditu beharreko "lehen oztopoa" "lehergailuen eta pistolen izuagatik lokartuta zegoen gizartea" izan zela esan dute, eta "zorionez" hori aldatu egin zela eta gutxinaka-gutxinaka ETAren amaiera gizarte gehiengoaren eskakizuna izan zela adierazi dute. "Beldurrarekin hautsi zutenek aipamen berezi bat merezi dute, gizarte honekin konpromesua hartu zutenek, biktimekin elkartasuna adierazi zutenek, ikustezinak izateari utzi eta basakeriari aurre egin ziotenek".

Bakearen Aldeko Koordinakundeak politikariak, epaileak, enpresariak, kazetariak eta segurtasun indarrak ere izan ditu gogoan. "Gehien merezi dutenak gogoratu behar ditugu: biktimak. Terrorismoak 800 pertsona baino gehiago hil ditu, baina zenbatu gabe daude oraindik minaren zantzua dutenak".

"Biktima bakar bat nahikoa da ETAren esanahia ezeztatzeko". ETAren jarduera armatuaren amaierak "pozez betetzen gaitu, bakean eta askatasunean bizitzeko eskubidea berreskuratu dugulako", adierazi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea