Politika -

Altsasun

Ezker abertzalea: 'Ezinbestekoa da hitza eta erabakia herriari ematea'

Ezker abertzaleko militanteak Altsasun bildu dira eta ETAren iragarpenaren ostean ireki den bide eta aro berriari buruz mintzatu dira.

Ezker abertzaleko kideak Altsasun. Argazkia: EITB
Ezker abertzaleko kideak Altsasun. Argazkia: EITB
Ezker Abertzaleak bide politiko eta demokratikoen aldeko apustua berretsi du

00:53

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Demokraziaren eta gu guztion garaipena hitza eta erabakia herriari ematen zaizkionean iritsiko da", esan dute Altsasun bildutako ezker abertzaleko buruzagiek.

"Euskal Herriaren errealitate nazionala eta bere erabakitzeko eskubidea ukatzea gatazka politikoaren hazia da, eta horri irtenbiderik eman gabe ezingo da demokrazia osoa lortu", gaineratu dute.

Marivi Ugarteburuk hitz egin du euskaraz eta Txelui Morenok gaztelaniaz. Aro politiko berriaren aurrean ezker abertzaleak "berritu egin behar du ahalik eta hoberen jarduteko", eta bide horretan, "Sorturen erakunde politiko berriarentzat eztabaida prozesua oso garrantzitsua izango da", esan dute. 2009ko azaroan Altsasuko adierazpena egin zuten toki berean bildu dira ezker abertzaleko 200 kide inguru. ETAren iragarpenaren ostean ireki den bide eta aro berriari buruz mintzatu dira.

Rufi Etxeberria, Pernando Barrena, Tasio Erkizia, Jone Goirizelaia, Joseba Permach, Karmelo Landa, Adolfo Araiz eta Eugenio Etxebeste egon dira, besteak beste. Altsasun orain bi urte hartutako erabakiak gogoratu dituzte, eman dituzten pausoak emateko abiapuntua, esan dute.

Politikariek eta nazioarteko komunitateak hartutako akordioak aipatu dituzte. Bereziki, "ETAk harturiko erabakiak ezinbestekoak izan dira gatazkaren egoera demokratikoa nazioarteko eta Euskal Herriko agendan jartzeko", esan dute.

Horregatik, "ezker abertzaleak erabat asmatu du estrategiarekin", berretsi dute eta aro berrian bide egokian sartu direla adierazi dute, euren apustu estrategikoan aurrerapauso handiekin, Euskal Herri sozialista eta independentea lortzeko. "Aro berri honetarako lehentasuna zehaztuta daukagu: gatazkaren irtenbide demokratikoa, gatazka sustraietatik bertatik kontutan hartzeko. Irtenbide demokratiko batekin lortuko dugu proiektu guztiek baldintza berdinak izango dituzten eszenatokia, independentistak ere bai".

Amaieran, datorren urriaren 29an Iruñean ekitaldi nazionala egingo dutela iragarri dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea