Politika -
Bilera sorta
Basagoiti: 'Ez digute Espainiarekiko haustura inposatu behar'
Basagoitik esan du ETAren adierazpenaren ondoren ez duela espetxe politika berri baten alde egin eta, gogoratu duenez, "ETAk ez du oraindik negozioa itxi".
Erredakzioa
ETAren iragarpena ezagutu ondoren, "askatasuna irabazteko" ordua dela esan du Antonio Basagoiti EAEko PPko buruak. Aste honetan egingo duten bileran, lehendakariari "Espainiarekiko haustura inposa ez diezaguten" lan egiteko "beharra" adieraziko dio PPko buruak.
Bizkaiko PPko hautagaiak aurkezteko ekitaldian, Basagoitik esan du ETAren adierazpenaren ondoren ez duela espetxe politika berri baten alde egin eta, gogoratu duenez, "ETAk ez du oraindik negozioa itxi".
"Espainiarekiko haustura, euskal herritarren arteko zatiketa eta haien egitasmo totalitarioa inposa ez diezaguten lan egin behar dugu", gaineratu du Basagoitik.
Konstituzioaren eta Autonomia Estatutuaren "alde" egin behar dutela nabarmendu du PPko presidenteak. "ETAri ez diogu ezer zor, eta ez dugu demokrazia haien egitasmoetara moldatu behar", bukatu du.