Politika -

ETAren adierazpena

Bilduk ETAren desegitea 'eman behar diren pausoekin' erlazionatu du

ETAren behin betiko desegitea iragartzeko agiririk egongo den ez dakiela esan du Urizarrek. Iragarki hori "hemendik aurrera, negoziazio prozesuan, ematen diren pausoekin" erlazionatu du.

Pello Urizar, EA eta Bilduko ordezkaria. Argazkia: EFE.
Pello Urizar, EA eta Bilduko ordezkaria. Argazkia: EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAren behin betiko desegitea negoziazio prozesuan "emango diren pauso ezberdinekin" erlazionatu ditu gaur Pello Urizar Eusko Alkartasuneko idazkari orokorrak eta Bilduko bozeramaileak. Bere ustez, behin ETAk indarkeria utzi egin duela iragarri duenean, ez da "komenigarria" atxiloketa gehiagorik egitea.

ETAren behin betiko desegitea iragartzeko agiririk egongo den ez dakiela esan du Urizarrek. Iragarki hori "hemendik aurrera, negoziazio prozesuan, ematen diren pausoekin" erlazionatu du. "Hitz egiteko asko dago hemendik aurrera", gaineratu du.

"Prozesu hauetan gertatzen den bezala, pauso ezberdinak eman behar dira, eta gertatzen dena da, batzuk hirugarren urratsa bigarrenaren aurretik eman nahi dutela da. Denok borondatea izatekotan, bigarrena, hirugarrena eta hurrengoak ere emango ditugu", nabarmendu du.

Urizarren ustez, biktimen gaia ere "ondo jorratu beharko dugu". "Arduratsu jokatu behar dugu biktima guztien aitormena egiteko". Ezker Abertzaleak biktimen inguruko adierazpen "argia" egingo duela esan du Pello Urizarrek. "Ez da egin gabe geldituko", zehaztu du, baina "bakoitzak bere erritmoak" dituela gaineratu du.

Ostiralean Patxi Lopez lehendakariarekin egingo duten bilerari buruz galdetu diote kazetariek. Bilera horretan Rufi Etxebarria ezker abertzaleko bozeramaileak, Urizar berak eta Oskar Matute Alternatibako buruak parte hartuko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea