Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
ETAren amaiera 'hauteskundeetatik kanpo' uzteko eskatu du Rubalcabak
'Boulevard' saioari eskainitako elkarrizketan, Rubalcaba bat etorri da Ramon Jauregi Presidentetzako ministroarekin eta, hauteskundeen aurretik, espetxe politika ez aldatzearen alde agertu da.
Erredakzioa
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren hautagaiak esan du terrorismoaren amaiera "hauteskunde eztabaidatik kanpo" utzi egin behar dela. PPri gai honen inguruko "jarrera bateratzeko" exijitu dio Rubalcabak.
Radio Euskadiko 'Boulevard' saioari eskainitako elkarrizketan, Rubalcaba bat etorri da Ramon Jauregi Presidentetzako ministroarekin eta, hauteskundeen aurretik, espetxe politika ez aldatzearen alde agertu da.
Arlo horretan hartu beharreko neurriek alderdien "hausnarketa bateratua" beharko dutela gaineratu du Rubalcabak.
Rubalcabaren iritziz ezker abertzaleak "ez du ETAren munduarekin erabat apurtu". Horregatik, sozialisten eta ezker abertzalearen arteko balizko akordioei buruz hitz egiteko "goiz dela" gaineratu du PSOEko hautagaiak.
Azkenik, Iñigo Urkullu EAJko presidenteak eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak atzo egin zuten bilerarekin, Espainiako Gobernuak jeltzaleekin duen "erlazio onaren" erakutsi egiten dutela nabarmendu du.