Politika -

ALTSASU AUZIA

Ikasteko edo lan egiteko espetxetik irteteko baimena eman diete Altsasuko bi gazteri

Altsasuko auzian kartzelan jarraitzen duten bakarrak dira Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea gazteak. Bigarren graduan jarraitu beharko dute, baina baimena ematea onartu du Auzitegi Nazionalak.

Altsasuko gazteen aldeko manifestazio bateko irudia
Altsasuko gazteen aldeko manifestazio bateko irudia
Altsasuko gazteen aldeko manifestazio bateko irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Altsasuko auzian espetxean jarraitzen duten bi gazteei kartzelatik irteteko baimena eman die Auzitegi Nazionalak, ikasteko edo lanerako. Kartzelan jarraitzen duten bakarrak dira, hain zuzen ere, Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea gazteak

Defentsak aurkeztutako helegiteak onartu eta Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea gazteei espetxe arautegiko 100.2 artikulua aplikatzea ebatzi du Jose Luis Castro Auzitegi Nazionaleko epaileak. Aipaturiko artikuluak espetxealdia arintzea baimentzen du presoari hirugarren gradua eman gabe. Oraingoz, bigarren graduan jarraitu beharko dute.

Fiskalaren oniritziarekin hartu du erabakia Jose Luis Castro epaileak, bi gazteek espetxean duten portaera eta delitua berriro egiteko duten arrisku txikia aintzat hartuta. Hasiera batean Auzitegi Nazionalak bederatzi urteko kartzela zigorra ezarri zien, baina gero Auzitegi Gorenak zazpi urte eta erdira jaitsi zien.

Epaileak kontuan izan du, besteak beste, espetxeko jokabidea, enplegu aukerak izatea, kartzela barruko jardueretan parte-hartzea, eta epaian ezarritako erantzukizun zibila ordaintzea.

Biak espetxean hasi ziren Psikologia ikasketak egiten, eta Jon Ander Cob zine laguntzaile gisa aritu da lanean, soldatapean, bere moduloko jarduera batzordeko arduraduna da eta okintza ikastaro batean parte hartu du.

Julen Goikoetxeak, bere aldetik, lan eskaintza bat du mahai gainean, espetxeko jarduera batzordeko laguntzailea da eta mantentze teknikari gisa ordaindutako lan praktikak egin ditu.

Hori guztia kontuan izanda, Espetxeko Tratamendu Batzordeak espetxe arautegiko 100.2 artikulua aplikatzea proposatu zuen, presoek unibertsitate ikasketak egin ahal izateko eta lan eskaintzekin bateragarri egiteko.

Hasiera batean, epaileak gazteen eskaera atzera bota bazuen ere, espetxeak proposamena egin ostean onartu egin du. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Berriak Politika Nafarroako albisteak Presoak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Altsasu azken ordukoa