Politika -

Bilerak lehendakariarekin

ELAk urratsak egiteko dei egin die Espainiari eta Frantziari

Sindikatu abertzaleak espetxe politika aldatzeko eta 'Parot doktrina' aldatzeko eskatu du. Arratsaldean, lehendakaria Bildurekin batzartuko da.

Patxi Lopez ELA sindikatuarekin bildu da

01:06

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txiki Muñoz ELAko idazkari nagusiak adierazi du Espainiako eta Frantziako gobernuek urratsak egin behar dituztela "dagoeneko" normalizazio politikoaren bidean, hala nola espetxe politika aldatzea, lege bereziak indargabetzea eta biktima guztiak aintzatestea.

Muñoz Patxi Lopez lehendakariarekin batzartu da gaur goizean, ETAk indarkeriaren amaiera iragarri eta gero gobernuburuak abiatutako bilera-sortaren baitan.

Bilera amaitutakoan, ELAko buruak kritikatu egin du Espainiako eta Frantziako gobernuek ez dutela urratsik egin, urriaren 17an Donostian egindako Nazioarteko Bake Konferentziko adituek hori eskatu bazieten ere.

Muñozen hitzetan, ETAk "onartu eta bete" egin du Konferentziaren Adierazpeneko lehen puntua (indarkeriaren amaiera iragartzea exijitzen ziona).

ELAko idazkari nagusiak hainbat eskaera egin ditu: espetxe politika aldatzea, 'Parot doktrina' indargabetzea, biktima "guztien" eskubideak aitortzea eta indarkeriari aurre egiteko "lege bereziak" ezabatzea.

Euskal herritarren erabakitzeko eskubideari ere heltzeko dei egin du: "Amaitu da indarkeriaren aitzakia".

ELArekin batzartu eta gero, azaroaren 3an LABekin egingo du.

Arratsaldean, Bildurekin

16:30ean, lehendakaria Bildurekin batzartuko da.

Koalizio abertzalearen aldetik, Rufi Etxeberria (ezker abertzalea), Pello Urizar (EA) eta Oskar Matute (Alternatiba) joango dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea