Politika -

Belgikan

Ventura Tome ETAko ustezko kidea atxilotu dute Bruselan

ETAk jarduera armatua behin betiko utzi duela iragarri zuenetik lehenengo atxiloketa izan da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Belgikako Poliziak duela urte batzuetatik ihes eginda zegoen Ventura Tome Quiroga ETAko ustezko kidea atxilotu du Bruselan . Atxiloketa hau ETAk jarduera armatua behin betiko utzi duela iragarri zuenetik lehena izan da.

Poliziaren operazioa Guardia Zibilak Belgikako Poliziarekin batera burutu du, terrorismoaren kontrako iturriek jakitera eman dutenez.

Ustezko ETAko kidearen lehenengo arrastoa 2008ko maiatzean topatu zuten, ETAko Frantziako burua harrapatu ostean. Francisco Javier Lopez Peñaren ordenagailuan, Ventura Tomeri zuzendutako karta bat aurkitu zuten.

Kartaren egileak Tome Belgikan zegoela azaltzen zuen, eta bi argazki bidaltzen zizkion bertan, NAN agiri faltsu bat egiteko, herrialdean lan egin ahal izateko.

Ventura Tome Quiroga Bruselako kartzela batean dago, eta Espainiara estraditatuko dute, horrek 10 eta 90 egun bitartean eraman ditzake, Belgikako Fiskaltzak azaldu duenez. 

Ezker abertzaleak bere elkartasuna erakutsi nahi izan dio Ventura Tome Quiroga ETAko ustezko kideari, prentsa ohar baten bidez. Ezker abertzaleak adierazi duenez, "normalizazio politiko eta demokratioan aurrera egiteko, indarkeria guztiak desagertzea beharrezkoa da".

Bigarren iheslari bat atxilotu dute Bruselan, kale indarkeria egotzita

Belgikako Poliziak beste iheslari bat atxilotu du Bruselan, kale indarkeria egotzita. Dirudienez, Javier Aguirre Ibañez da atxilotua, terrorismoaren aurkako iturriek adierazi dutenez.

Gasteizen jaio den Aguirre Ventura Tome Quiroga ETAko ustezko kidea bizi zen etxe berean aurkitu dute, Auzitegi Nazionalak hala aginduta. Javier Aguirrek 2008an egin zuen ihes, kale indarkeriagatiko epaiketa batera ez joateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea