Politika -
Langabeziaren datuak
EAJk 'oinarrizko enpleguarentzat akordioa' eskatu die PPri eta PSOEri
Ricardo Gatzagaetxeberriak (EAJ) sistema produktiboaren modernizazioa eskatu du. Bestalde, Txarli Prietok (PSE),"fiskalitatean aldaketak" behar direla berretsi du.
Erredakzioa
Ricardo Gatzagaetxeberria EAJko legebiltzarkideak "enplegurako akordio ekonomiko eta politiko bat" eskatu die PPri eta PSOEeri eta "denon onurarako Espainiako politikaren tentsioak desagertu behar dira", adierazi du.
Langabeziaren datuak "albiste txarrak dira eta arreta handiz hartu behar dira, langabezia euskal gizartearen lehen arazoa delako", esan du Radio Euskadin, buruzagi jeltzaleak.
Bere ustez, sistema produktiboaren modernizazioa beharrezkoa da eta "kontua ez da batak besteari errua botatzea", gaineratu du.
EAE "ez dago Espainiaren egoera berean", berretsi du, baina sistema produktiboaren modernizazioa beharrezkoa dela esan du, "guri ere eragiten digulako".
"Eraikuntzan, industriaren pisuan eta turismoan oinarritutako sistema produktiboa ez da herrialde bati sendotasuna emateko nahikoa", esan du, eta "ekonomia jasangarritasunaren legea edota lan erreforma onartzeagatik ez da aldaketarik lortuko, kausak ikusi behar direlako, eta horien artean, lehiakorragoa izan behar duen sare ekonomikoa berrikusi behar da".
Bestalde, arabako sozialisten idazkari orokorrak, Txarli Prietok "krisaldiak irauten duen bitartean, pertsonei enplegua edo laguntza emateko formulak bilatu behar dira", nabarmendu du. Zentzu honetan, "aberastasuna hobeto banatu behar da, baliabide gehiago behar dira, eta honek fiskalitatea aldatzea esan nahi du", gaineratu du.
Egoera oso korapilatsuan gaudela esan ostean, "gure espazioan esku hartu dezakegu, EAEn", nabarmendu du. "Proposamen zehatz bat erreforma fiskala da, erakundeetan baliabide gehiago izateko".
Laura Garridok, PPko legebiltzarkideak, "Europar Batasuneko beste herrialdeen datuakin alderatuta, gauzak ongi egin ez direla ondorioztatzen da", salatu du.
Bere ustez, lehenik "konfiantza berreskuratu behar da eta enplegua sortu". Horregatik, zergak igotzearen aurka azaldu da, "familiak itotzeak kontsumoan eragiten duelako".
Azkenik, Aralarreko legebiltzarkideak, Dani Maeztuk "eredu produktiboaren berregituratzea" eskatu du, "produkzioa dibertsifikatzea eta aberastasuna ongi banatzeko erreforma fiskal bat garatzea"."Lan erreforma eta urte betera 25.000 langabe gehiago ditugu", gaineratu du.