Politika -
A20
Mugica: 'UPyDrentzako boto bakoitza ETAren kontrakoa da'
Rosa Diezek Estatuak "funtsezko" eskumenak berreskuratzea eskatu du, berdintasuna eta oinarrizko eskubideak bermatzeko.
Erredakzioa
Kongresurako UPyDko Gipuzkoako zerrendaburuak, Ruben Mugicak (Fernando Mugica ETAk 1996an hildako abokatu eta politikari sozialistaren semea) esan du beren alderdirako boto bakoitzarekin "ETAren kontra" egingo dela. Hauteskundeetara begira kanpainaren ardatza izango dela esan dute, "talde terroristaren porrota eta antolatutako krimenaren aurrean elkarbizitzaren garaipena".
Danostiako Zuloaga plazan egin duten ekitaldian mintzatu da Mugica, UPyDko liderrarekin batera, Rosa Diezekin, Gorka Maneiro legebiltzarkidearekin eta Alvaro Pombo, Javier Gabilondo eta Tomas Tueros militanteekin batera.
"Bihar 14 egun izango dira predikari talde batek, pasaportearekin eta erretiratutako turista itxurarekin, nora zetozela ez zekitela ere, arratsalde pasa etorri zirela, euskaldunak eta espainiarrak iraintzera hemen Europako azken borroka armatua egon dela eta gure demokrazia nola antolatu behar dugun esatera", salatu du, gainera, "hiru egun beranduago, aurpegia estalita zuten hiru kriminalek bideo ziztrin bat egin zuten armak behin betiko uzten zituztela esateko, bizia barkatuko baligute bezala".
Bere ustez, horren aurrean bi gauza egin daitezke. Bata, "lehendakariak egin duen moduan, orain hiru egun bere bulego ofizialean kriminal bati eskua luzatzera joan" edo bestalde, "taldearen porrota eta antolatutako krimenaren aurrean elkarbizitzaren garaipena eskatu. Horixe izango da UPyDren ardatza Gipuzkoan, EAEn eta Espainia osoan", azaldu du.
Eskumenak
Bestalde, Rosa Diezek Estatuak "funtsezko eskumenak" berreskuratzeko eskatu du, batik bat hezkuntzan eta osasunean, "espainiar guztien oinarrizko eskubideak bermatzeko", Konstituzioak dioen moduan, esan du. "Espainiar guztien berdintasunaren aldeko oihua".
Gainera, lege elektorala aldatzeko aldarrikapena egin du, erakundeen "bikoizketarekin" amaitzeko eta aurrezki-kutxen eta justiziaren "politizazioari" amaiera emateko.