Politika -
Polemika EAJrekin
Lehendakaria: 'Ez da gatazka politikoa dagoela pentsatzeko unea'
Horrela, Patxi Lopezek erantzun egin dio Iñigo Urkullu EAJko presidenteari, agintean "gatazka politikoa"ri esker dagoela esan baitu hark.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak adierazi du ez dela "unea" Euskadin "gatazka politikoa" dagoela pentsatzeko, eta alderdi guztien artean "indarrak batzeko" dei egin du, indarkeriaren amaieraren ostean "etekinak biltzen" ibili beharrean. Lopezen ustez, EAJ "gobernuan ez dagoelako" ari da "gatazkaz" hitz egiten.
Horrela, lehendakariak erantzun egin dio Iñigo Urkullu EAJko presidenteari. Izan ere, "gatazka politikoa"ri esker dagoela agintean esan zion hark atzo.
Forum Europa gosarietan egindako adierazpenetan, Gasteizko Gobernuko buruak gogorarazi du Euskadin itxaropen aroa ireki dela ETAk indarkeriari uko egin eta gero. "Duela 75 urtetik lehen aldiz, gure hautagaiak mehatxu gabe ibili daitezke Euskadiko herrietatik", gaineratu du.
"Gaur ez da zatiketa eskatzeko unea, ez da urduri jartzeko unea, batzuek gobernatzen ez dutenez Euskadin gatazka politikoa dagoela pentsatzeko; premiazko arazoak konpontzeko unea da", nabarmendu du.
PSEko legebiltzarkideekin bilera
Bestalde, ETAren indarkeriaren behin betiko amaieraren ostean, "ezin dezakegu inori alderdikeriaz jokatzea utzi, ahanzturan oinarritutako kontakizuna inposatzen saiatzen ari direlako", adierazi du lehendakariak. Eusko Legebiltzarrean "adostasunak bilatzen" jarraitzeko eskatu die PSEko legebiltzakideei, "nahiz eta batzuek desadostasunak bilatzen saiatu, geroago hauteskundeetan mozkinak lortzeko".
Patxi Lopezek legebiltzarkide sozialistekin egin du bilera arratsaldean. Komunikatu batean, terrorismoaren amaieraren ostean zabaldutako egoera politikoarekin "askatasunen eta Zuzenbidezko Estatuaren alde aurpegia eman dugunok lasaitu ederra hartu dugu", azaldu du agintariak.
Biktimak
Halaber, Eduardo Madina PSOEk Kongresurako duen Bizkaiko zerrendaburuak "ez isiltzeko" eskatu die biktimei, "herrialde honek bizi izan duen giza tragediaren aurpegia eta izenak" baitira.
Bere aldetik, Ramon Jauregui Espainiako Gobernuko Presidentzia ministro eta Arabako zerrendaburuak berretsi du Zapateroren Exekutiboak ez duela neurririk hartuko presoen inguruan, eta hurrengo Gobernuak egin beharko duela erantsi du.