Politika -

Baketze prozesua

Nafarroako alderdien ustez, bakeaz hitz egiteko egokia da Parlamentua

Gainera, NaBaik alderdien eta indar politikoen mahai bat deitzeko proposamena egin du. Nafarroako presidenteak aukera horren aurka egin du dagoeneko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Parlamentuan ordezkatuta dauden alderdien gehiengoaren arabera, bakearen inguruko auziei buruz eztabaidatzeko erakunde aproposa da Parlamentua. Horrela utzi dute, Bozeramaileen Batzordearen ostean. Han, NaBairen eskaera bat izapidetzea onartu dute. Alderdien eta indar politikoen mahai bat antolatzea proposatu du NaBaik.

Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak balizko mahaia errefusatu du dagoeneko, agerraldi publiko batean. Haren ustez, Parlamentua da auzi honi buruz eztabaidatzeko lekurik aproposena, Carlos Garcia Adanero UPN alderdiko bozeramaileak ere esan duenez.

Patxi Zabaleta NaBaiko bozeramaileak ekimenaren alde egin du. "Berak (Yolanda Barcina) esan bezala erakundeetan hitz egin behar bada, hori egiteko aukera eman diogu". Maria Chivite PSNko bozeramailearen esanetan, "garai politiko berri honetan elkarrizketa da tresna nagusia". Maiorga Ramirez Bilduko bozeramaileak azpimarratu duenez, garrantzitsuena da "aulki guztiak okupatuta egotea eta inongo bazterketarik ez izatea".

Bestalde, Ana Beltran Nafarroako PPko bozeramaileak adierazi duenez, alderdien mahaia ez da beharrezkoa eta Parlamentua da horren gainean eztabaidatzeko lekurik egokiena. Jose Miguel Nuin I-Eko bozeramailearen aburuz, foroa abian jartzeko "esparru onena, demokratikoa eta plurala," da Parlamentua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea