Politika -
A20-aren ondoren
Urkulluk uste du Rajoyk ez duela Bildu ilegalizatuko
EAJren presidenteak konfiantza du PPko buruaren "zuhurtzia"rengan eta euskal gizartearen adiskidetasunaren alde lan egin eta Bildu ilegalizatzeko presioei aurre egingo diela espero du.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJren presidenteak uste du Mariano Rajoy PPren hautagaiak azaroaren 20ko hauteskundeak irabazten baditu "inteligentziaz" eta "zuhurtziaz" jokatuko duela eta euskal gizartearen adiskidetasunaren alde lan egin eta Bildu ilegalizatzeko presioei aurre egingo diela.
Urkulluk Madrilen egin ditu adierazpenok, Forum Nueva Economiaren gosari batean.
Oposizioko buruarekin izan dituen bilerez hitz egin du Urkulluk eta "normaltasun" osoz egindakoak izan direla azpimarratu du.
Espainiaren egoera ekonomikoa zuzentzeko "adostasun zabalak" beharko direla adierazi du Urkulluk. Horren harira, krisitik ateratzeko eta autogobernuan, bakean eta normalkuntza politikoan aurrera egiteko EAJ akordioetara iristeko prest dagoela hitz eman du.
Urkulluk esan du ETAk armak utzi izana bere belaunaldiko "konkista zibiko handiena" izan dela eta hori dela eta, eskerrak eman nahi izan dizkio Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteari "indarkeria terroristari amaiera emateko erakutsitako konpromisoagatik".
Era berean, "errespetu" hitzak izan ditu Rajoyrentzat "bizi dugun momentu historiko hobetan zuhur eta arduraz jokatzeagatik". "Errekonozimendua merezi du interes elektoralak eta presioak alde batera uzteko egin duen esfortzuak", gaineratu du.