Politika -
Eusko Legebiltzarra
PSE: 'Ezin dira biktimak eta ETAko kide hilak parekatu'
Bilduren kargudun politikoei egindako mehatxuak gaitzetsi ditu Eusko Legebiltzarrak, aho batez.
Erredakzioa
PSEk, PPk eta UpyDk ekimen bat adostu dute Legebiltzarrean, "terrorismoaren biktimak eta memoria apaltzeko edo mespretxatzeko jokabideen kontrako borrokan legealdi honetan lortutako aurrerapausoen inguruko poza" adierazteko, Auzitegi Gorenak ETAko presoen argazkiak erakustea terrorismoa goratzeko delitua dela zehazteko hartu duen erabakiaren harira.
EAJk, Aralarrek eta EBk kontra bozkatu dute, hainbat ebazpen judizialek nabarmentzen duten moduan presoen argazkiak erakusteko debekua adierazpen askatasunaren kontra joan litekeela argudiatuta.
Jesus Poza PSEko legebiltzarkideak Legebiltzarreko saioan adierazi duenez, ezker abertzaleko eta Bilduko zenbait kide "terrorismoaren biktimak eta lehergailuak jartzera zihoazenean horrek eztanda egin dien ETAko zenbait kide parekatzen saiatu dira. Hori iraina da, eta terrorismoaren biktimak eta gizartea umiliatzen dituzte".
Gaitzespena, aho batez
Bestalde, Eusko Legebiltzarrak Bilduren zenbait kargudunek gutun bidez jasotako mehatxuak gaitzetsi dituzte, eta egilea edo egileak zein izan diren argitzeko eta epaitzeko eskatu dute.