Politika -
Biktimak
Iturgaizek "biktimak umiliatzea" egotzi dio Sanchezi, EH Bilduren babesagatik
EAEko PPko presidenteak Irunen Jose Luis Casori egin dioten omenaldian parte hartu du. ETAk 1997an hil zuen Errenteriako zinegotzi popularra.
Agentziak | Erredakzioa
Carlos Iturgaiz EAEko PPko presidendeak Pedro Sanchezi egotzi dio ETAren "biktimak umiliatzea" EH Bildu, bere babesaren truke, "lausengatzen" eta "mimatzen" duen bakoitzean.
Irunen (Gipuzkoa) egin duten Jose Luis Caso gogoratzeko eta omentzeko ekitaldian parte hartu du Iturgaizek. ETAk 1997ko abenduaren 11n hil zuen Errenteriako zinegotzi popularra.
Miguel Angel Blancoren hilketaren ostean ETAk hil zuen lehen zinegotzia izan zen Caso. Gero, Manuel Zamarreño bere ondorengoa Errenteriako Udalean ere hil zuen ETAk. Iturgaizek azaldu duenez, "PP eta konstituzionalistak fisikoki eta politikoki desagertzea" nahi zuen ETAk.
Juani Perez Casoren alarguna eta Irene Caso iloba izan dira bertan. Gainera, EAEko PPko koordinatzaile nagusi eta bozeramaile Mikel Lezama, Bizkaiko PPko presidente Raquel Gonzalez, Jose Luis Arrue Gipuzkoakoa, Laura Garrido legebiltzarkidea eta Irungo eta Donostiako zinegotziak ere izan dira.
"Ez dugu inoiz ahaztuko Euskadiren eta Espainiaren alde eman zutena, eta beren oroimena betirako egongo da Euskadiko eta Espainiako PPren memoraian, baita espainiar onen memorian ere", esan du Iturgaizek hildako zinegotziak gogoratuta.
Bere ustez, "tamalez" orduan hilketa hori babesten zutenek ETAren indarkeria justifikatzen jarraitzen dute, eta "ETAren kriminalentzat eta hiltzaileentzat antolatutako 'ongi etorrien', hau da, terrorismoaren apologiaren atzean daude".
Modu berean, "onartezintzat" hartu du Espainiako Gobernuko presidentea koalizio abertzalea "mimatzen eta animatzen" egotea, "terrorismoaren biktimen kontra, PPren kontra, kasu," egiten duen bitartean.
"Momentu honetan, terrorismoaren biktimek umiliatuak izaten jarraitzen dute Sanchezek Bildu lausengatzen eta mimatzen duen bakoitzean", esan du Iturgaizek.
"Bilduk egiten duen bezala, talde terrorista bat justifikatzen" jaraitzen dutenen "politika beldurgarriak eta penagarriak" salatzen jarraitzeko konpromisoa hartu du EAEko PPko presidenteak.
Modu berean, "indar guztiz" salatuko ditu oraingo Gobernuaren politikak. Esan duenez, "komunistak, sezesionistak, independentistak eta ETAren aldekoak nahiago ditu, Espainia suntsitzeko".