Politika -
Eztabaidaren bitxikeriak
Rajoy eta Rubalcaba: 'Azpijokoak', grafikoak eta okerrak, hizpide
12.000.000 lagunek baino gehiagok ikusi dute bi hautagaien arteko eztabaida. Sare sozialak, Twitter bereziki, horren ispilu izan dira, gertatzen ari zirenak berehala hartu baitituzte bertan hizpide.
Erredakzioa
Mariano Rajoy presidentziarako PPko hautagaiaren eta Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko hautagaiaren arteko eztabaidak 12.000.000 pertsona baino gehiago bildu ditu telebistaren aurrean. Astelehen gauean, ikusleen % 54,2k aukeratu zuten saio hau.
Sare sozialen eta, bereziki, Twitterren erabiltzaileek eztabaidaren nondik norakoak jaso dituzte; izan ere, pasadizoak eta bitxikeriak ugari izan dira eztabaidan.
Hautagai bakoitzak bere metodoa erabili du. Informazioa eskura zuela agertu da Rajoy, eta mahai gainean zituen paperak izan ditu oinarri; une oro begiratu die. Bestalde, Rubalcabak grafiko handi batzuk erakutsi ditu.
Rubalcabari zuzendu zaionean, PPko buruzagiak behin baino gehiagotan huts egin du; izan ere, "Rodriguez jauna..." deitzen hasi da, Zapaterorekin ariko balitz bezala. Rubalcabak ere egin du kale, eztabaidaren une batean: "Orain gezurrak esaten ari dena zu zeu zara", esan dio PPko buruari; hitzok bota bezain laster, esandakoaz damutu da, Rajoyren irribarre txikia ikusirik.
Sare sozialetan hitzetik hortzera esan duten beste kontu bat Rubalcabak "PPko hauteskunde egitaraua Rajoyk baino hobeto" ezagutzen zuela izan da. PPko buruzagiak uko egin dio Rubalcabaren galdera zuzenei erantzuteari eta, ondorioz, haren proposamenei anbiguotasuna eta zehaztasun falta leporatu dizkie hautagai sozialistak.
Rajoyk egindako akats geografikoak ere zeresan handia eman du. Alderdi Popularreko buruak Cadizen kokatu ditu Sevillako hainbat udalerri. Gainera, behin eta berriro "azpijokoa" hitza erabili du eta horrek txantxa anitz eragin ditu Interneten.
Eztabaidaren amaieran, denbora amaitzera zihoala ikusita, Rubalcabak birritan moztu du Rajoy. Campo Vidal moderatzaileak isiltzeko agindu dio, orduan.
Urdin kolorea izan da nagusi eztabaidan, besteak beste, Rubalcabaren gorbatan ("emazteak aukeratutakoa", baieztatu duenez). Eztabaida amaitu ostean, #rajoygana hashtag-a Twitterreko trending topic (gehien jarraitutako gaia) zen nazioarte mailan.
Estatuko komunikabide gehienen ustez, Rajoy izan da garailea, alde handiz izan ez bada ere. Zenbait egunkarik adierazi dutenez, litekeena da egungo gizarteak "diskurtso lasaia" behar izatea.