Politika -
Biktimak
Adostasunik lortu ez duten arren, Memoriaren Eguna ospatu egingo da
Alderdiak ez dira ados jarri, beraz, Eusko Jaurlaritzak erabaki du Patxi Lopez lehendakariak adierazpen bat irakurriko duela ostegunean Ajuria Enean.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritza eta alderdi politikoak ez dira ados jarri Memoriaren Eguna elkarrekin ospatzeko, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak jakitera eman duenez.
Sailburua bera egon omen da azken ordura arte negoziaketak egiten alderdi politikoekin, baina akordioa ezinezkoa izan da Bilduk, EAJk eta PPk planteatutako desadostasunengatik.
Adostasunera iritsi ez direnez, Eusko Jaurlaritzak erabaki du Patxi Lopez lehendakariak adierazpen bat irakurriko duela ostegunean Ajuria Enean, Jaurlaritzak uste baitu beharrezkoa dela data hori gogoan izatea.
Iazko azaroaren 10ean ospatu zuten lehenengo aldiz Memoriaren Eguna. Jaurlaritzak egun hori hautatu zuen inoiz ez delako inor hil data horretan atentatu baten ondorioz.
Iazkoan, erakundeek ekitaldiak egin zituzten biktimen memoria gogoan izateko, baina omenaldiak ez ziren bateratuak izan. Aralar, EA, Alternatiba eta ezker abertzaleko kideek ez zuten parte hartu nahi izan biktima politikoak barne hartzen ez zituelako.
Herrizaingo sailburuak azaldu duenez, Jaurlaritzak ez du Memoriaren Eguna atzeratzea pentsatu adostasunik ez delako egon. Erakunde bakoitzak "egoki deritzona" egingo duela esan du Aresk, eta ez omen daki gainerako erakundeek ekitaldiak egiteko asmoa ote duten.
Bigarren aldia da euskal alderdiak ez direla ados jartzeko gai ETAk jarduera armatua bertan behera utzi zuenetik. Lehendakariak kontzentrazioak deitu nahi izan zituen aro berria ospatzeko, baina bertan behera geratu zen deialdia adostasun faltagatik.
Bestalde, Gipuzkoako Batzar Nagusiek lore eskaintza egingo dute ostegun honetan, Oroimenaren Eguna ospatzeko. Donostiako egoitza aurrean kokatuta dagoen monolitoan kokatuko dituzte loreak, ohar batean jakinarazi dutenez.
Ekitaldia goizeko 11:00etan egingo dute. Ondoren, bost minutuko isilunea gordeko dute. Gipuzkoako diputatu nagusia ekitaldira gonbidatu dutela azaldu dute Batzar Nagusiek.