Itxi

Politika

Bateragune auzia

Milaka pertsona Bateraguneko epaiketa berriz egitearen aurka irten dira kalera

Agentziak | EITB Media

'Demokrazia!' lelopean, alderdiek, sindikatuek eta beste elkarte batzuek elkarretaratzeak deitu dituzte 189 udalerritan, bost auziperatuen kontrako epaiketa errepikatzearen aurka.

1:23
Elkarretaratzea Bilbon.

Milaka herritarrek Bateragune auziko epaiketa errepikatzearen kontra egin dute 189 udalerritan egin diren elkarretaratzeetan, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta Ezker Anitza-IU alderdiek eta ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deituta. Protestekin bat egin dute, gainera, CCOOk, ESKk, EH Baik, Sarek, Etxeratek, Bilgune Feministak eta Gure Eskuk. Auzitegi Gorenaren erabakiak EAJren eta PSE-EEren kritikak ere jaso ditu.

Bilboko elkarretaratzean, Arriaga plazan, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia eta Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia izan dira, biak auziperatuta, Demokrazia! leloa izan duen pankarta baten atzean.

Miren Araneta eta Jon Andoni Atutxa jeltzaleak elkarretaratzean izan dira, baita Roberto Uruarteko Unidas Podemoseko diputatua, Iñigo Martinez Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidea eta Loli Garcia CCOO Euskadiko idazkari nagusia ere, besteak beste.

Auziperatuek ez dute mikrofonoen aurrean hitz egin, bai ordea beste ordezkariek. EH Bilduko Unai Urruzunok sektore subiranistei eta aurrerakoiei eskatu die "herri bezala agenda demokratikoaren" alde egiteko.

Elkarrekin Podemoseko Iñigo Martinez ere auziperatuen alde agertu da, eta esan du "epaiketa politiko bat" dela. Bere ustez, epaiketa errepikatzeak erakusten du "demokratizazioa beharrezkoa dela Espainiar estatuaren goi instantzietan".

Unidas Podemoseko Roberto Uriartek nabarmendu duenez, ETA desagertzearekin eta armak ematearekin batera "garai berri bat" ireki zen, eta oraindik normalizazioa "ez dago guztiz burututa".

"Denok dugu zer emateko, batez ere indarkeriaren erabileran inplikatuta egon zirenak. Urratsak denok eman behar ditugu, eta gure ekarpena da biktimekiko zauriak ixtea eta joko demokratiko eta instituzionalean eragile guztien parte-hartzea normalizatzea", esan du.

Zentzu horretan, "urrats garrantzitsu" bat emateko eta Bateragune auzia artxibatzeko beharra azpimarratu du. "Denborak erakutsi du ez zirela legez kontrako egitura bat eraikitzen ari, baizik eta legezko alderdi bat", esan du.

LABeko Koldo Saenzentzat, bestalde, "bidegabea" da bere garaian "astakeria" izan zen epaiketa bat errepikatzea.

Azkenik, Gure Eskuko bozeramailea den Josu Etxaburuk "politika maiuskulaz" egitearen alde egin du, eta Estatuak "legeak indartzea" deitoratu du. "Eztabaida politikoa herritarrengan, alean eta instituzioetan bideratu behar da, ez epaitegietan", uste du.

Iruñeko elkarretaratzean, Foruen Monumentuaren aurrean, Miren Zabaleta auziperatua izan da, baita EH Bilduko Bakartxo Ruiz, ELAko koordinatzaile nagusi Mitxel Lakuntza eta Nafarroako CCOO sindikatuko idazkari nagusi Chechu Rodriguez, besteak beste.

Zabaletak hedabideei esan dienez, azkenean, Auzitegi Gorenaren erabakia "gehiegikeria juridikoa da, aberrazio juridikoa, eta soilik politikoki ulertu daiteke, demokraziaren, bakearen eta justiziaren aurkako erasoa bezala".

Epaiak "guztiok interpelatzen gaitu, ez bakarrik bost auziperatuok, baita Espainiar Estatuan ematen ari den deriba autoritarioaren eta inboluzio antidemokratikoaren kontra dauden pertsona, eragile politiko, sozial eta sindikal guztiak ere".

ELAko Mitxel Lakuntzarentzat, "zentzugabekeria juridiko baten aurrean gaude, eta modu batean edozein oinarrizko eskubideren eta edozein segurtasun juridikoren gainetik pasatzen da".

Esan duenez, Gorenaren epaiak "motibazio politikoa du, batetik Espainiar Estatuko egoera politikoa ezegonkortzeko, koalizio Gobernuarentzat", baina "EH Bilduk Estatuan politika normaltasunez ezin egitea ere bilatzen da".

"Horren aurrean, logika demokratikotik, betebehar demokratikoa da epaiketa horren aurka egotea eta berehala gelditzeko eskatzea", azpimarratu du.

LABeko Unai Ekizarentzat, "orain dela urte batzuk bide demokratikoa eta baketsua eraiki nahi zuten bost pertsonaren kontrako epaiketa egiteko erabaki zoroa hartu zen", eta "gaur burugabekeria judizial eta politikoa ikusten ari gara; herritar guztiei erakusten die Espainiako justizia bidegabea dela eta interes politikoen arabera mugitzen dela".

Egoera horrek "erakusten du Espainiak ez duela batere asmorik herrien erabakitzeko eskubidearen inguruan, eta Gobernu honen eta Estatu honen jarrera zein den argi uzten du", Ekizaren arabera. "Epaiketa politiko hauek bukatzea eta preso politikoen askatasuna" eskatu du.

Nafarroako IUko Antolakuntza idazkari Carmen Rubalcabarentzat, "epaiketa errepikatzearen erabakiak ez du oinarri legalik, eta zuzenbide estatu batean onartezina den motibazio politikoa du".

Azkenik, EH Bilduko Bakartxo Ruizek esan du "Gorenaren epaia eskandalu juridikoa eta politikoa" dela, eta salatu du "epaitegietatik beti egoera politikoa baldintzatzen saiatzen dela, botere faktiko eta politiko batzuei ez zaielako gustatzen".

"Epaiketa hau errepikatzeak argi erakusten du Estatu Espainiarrean ez dagoela botere banaketarik, eta ez da soilik ezker subiranistaren bost pertsonen kontrako eraso bat, ezta Euskal Herriko ezker subiranismoaren kontrako eraso bat, baizik eta demokraziaren, euskal gizartearen kontrako erasoa, Madrilgo eta Euskal Herriko egoera politikoa baldintzatzeko helburua duena", esan du Ruizek.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena