Politika -

Azaroaren 20ko hauteskundeak

Jaurlaritzak EAJ, PP, PSE eta Amaiurren berdinketa aurreikusten du

Inkestak 4-5 eserleku ematen dizkie alderdi bakoitzari (Amaiurri 3-5). Inkesta erantzun dutenen % 73k uste du Mariano Rajoy PPren hautagaia izango dela hurrengo presidentea.

Jaurlaritzak EAJ, PP, PSE eta Amaiurren berdinketa aurreikusten du. Argazkia: Efe
Jaurlaritzak EAJ, PP, PSE eta Amaiurren berdinketa aurreikusten du.
Jaurlaritzak parekotasuna aurreikusten du A-20an

01:43

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak egin duen hauteskunde-aurreko azterketak berdinketa aurreikusten du EAJ, PSE, PP eta Amaiur alderdien artean eta 4-5 eserleku ematen dizkie lehenengo hiruei eta 3-5 laugarrenari Diputatuen Kongresuan.

Inkesta horren arabera, EAEn PSE-EE 9tik 4-5era jaitsiko litzateke, EAJ 6tik 4-5era, PPk gora egingo luke 3tik 4-5era eta aurreko hauteskundeetan izan ez zen Amaiur koalizioa ordezkaririk ez izatetik 3, 4 edo bost izatera pasako litzateke. IU-Ezker Anitza eta UPyD ordezkaririk gabe geratuko lirateke.

Hori horrela, Gipuzkoan (sei eserleku) Amaiurrek 2-3 lortuko ditu, PSE-EEk 1-2 (3 zituen), EAJk bat (bi zituen) eta PPk beste hainbeste (lehen ere bakarra zuen). Bizkaian (zortzi eserleku), EAJk aurreko hauteskundeetako emaitza bera lortuko luke hiru eserlekurekin, PSE-EEk behera egingo luke lautik bira, PPk gora egingo luke batetik bira eta Amaiurrek eserleku bat eskuratuko luke. Arabari (4 eserleku) dagokionez, PPk 1-2 eskuratuko ditu bertan (bakarra zuen), PSE-EEk bakarra lortuko du (bi zituen), EAJ lehen bezala geratuko da bakarrarekin edo duena galduko luke eta Amaiurrek 0-1 eserleku lortuko dituela aurreikusten du inkestak.

Buruzagi politikoen balorazioa

Eusko Jaurlaritzak buruzagi politiko batzuei buruzko balorazioa egiteko eskatu zien inkesta erantzun zutenei. Hautagaien artean Mariano Rajoy (PP), Alfredo Perez Rubalcaba (PSOE), Cayo Lara (IU) eta Rosa Diez (UPyD) hautatu zituzten balorazioa egiteko.

Hori horrela, Alfredo Perez Rubalcabak jaso du nota altuena, 3,5 hain zuzen ere, eta bere atzetik geratu dira Cayo Lara 3,3rekin, Rosa Díez 2,6rekin eta Mariano Rajoy 2,5ekin.

Balorazio txarrena jaso duen arren, inkesta erantzun dutenen % 73k uste dute PPren hautagaia izango dela Espainiako presidente berria azaroaren 20tik aurrera.

ETAk armak utzi ondoren egindako inkesta

Informazio bilketa 2011ko urriak 26 eta azaroak 4 bitartean egin zen, ETAk armak utziko zituela iragarri ondoren, etxean egindako banakako elkarrizketen bidez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea