Politika -

Epaiketak

Frantziak Josu Urrutikoetxea estraditatzea erabaki du 1980ko hilketa batengatik

Josu Urrutikoetxeak helegitea aurkeztu ahal izango du Auzitegi Gorenean, eta prozedura horrek hilabete batzuk luzatuko du behin betiko erabakia.

Josu Urrutikoetxea. "Berria"ko bideo batetik hartutako irudia.
Josu Urrutikoetxea
Josu Urrutikoetxea. "Berria"ko bideo batetik hartutako irudia.

I. G. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako justiziak ontzat eman du Josu Urrutikoetxea ETAko buruzagi ohiaren aurkako estradizio eskaera, 1980ko ekainaren 25ean Gasteizen Luis Hergueta Michelineko zuzendaritzako kidearen hilketan ustez parte hartzeagatik epaitua izateko.

Pariseko Apelazio Auzitegiko instrukzio aretoak onartu egin du Madrilgo Auzitegi Nazionalak "Josu Ternera" aulkian esertzeko egindako eskaera, errudun joz gero, 30 urteko kartzela zigorra ekar diezaiokeen delitu batengatik.

Litekeena da Josu Urrutikoetxeak helegitea aurkeztea Auzitegi Gorenean, eta prozedura horrek hilabete batzuk luzatuko du behin betiko erabakia.

Instrukzio aretoko epaileen motibazio zehatzak ezagutu arte, argi dago ez dituztela defentsaren argudioak onartu, abenduaren 2ko entzunaldian gertaerak preskribatuta zeudela berretsi baitzuen.

Espainiako estradizio eskaera horren helburuak "politikoak" zirela ere salatu zuten defentsako abokatuek, eta Luis Herguetaren aurkako atentatua ETA Politiko Militarrak egin eta gutxira aldarrikatu zutela nabarmendu zuten, garai hartan ETA Militarraren fakzio "arerioa" zelako. Azken horretako kidea zen Urrutikoetxea.

Urrutikoetxeak 70 urte ditu eta Pariseko erdigunean bizi da, baldintzapeko askatasunean (besoko elektronikoarekin) joan den uztailaren amaieratik, osasun arrazoiengatik kartzelatik irteteko baimena eman ziotenetik, eta Espainiara ere bidali behar dute beste bi auzirengatik epaitua izateko.

Frantziako Justiziak behin betiko erabakia hartu du jada, Gorenak ETAko buruzagi ohiaren helegiteak atzera bota ostean, estradizioaren alde, 1987an Zaragozako Guardia Zibilaren kuartel-etxeari egindako erasoagatik. Hartan 11 pertsona hil zituzten, tartean sei haur.

Baita ETAren finantzaketari buruzko "herriko tabernen" sumarioagatik ere.

Baina Espainiako agintarien esku utz dezaten, Frantziako auzitegietan ebatzi gabe dituen bi auziak itxi behar dira.

Aurrenekoari dagokionez, otsailean epaiketa bat egingo dute, baina epaia edozein dela ere, Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko aukera egongo da, eta horrek amaiera hainbat hilabetez luzatuko luke.

Bigarrenerako (instrukzio fasera itzuli da), berriz, ekainerako ezarri dituzte datak.

Joan den uztailaren 1ean, Parisko Apelazio Auzitegiko instrukzio aretoak atzera bota zuen gizateriaren aurkako krimenak leporatzen zizkion euroagindu bat.

Kasu horretan, Frantziako epaileek Madrilgo Auzitegi Nazionalak helarazitako agirietan "zehaztugabetasunak" zeudela ebatzi zuten, bai leporatzen zizkioten gertakarien kalifikazioan, bai daten inguruan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Auzitegi Gorena Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Frantzia ETA Epaiketak Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Erailketak