Publizitatea
Itxi

2021/01/21

14:36

Politika

Mozioa

Presoak gertura ditzala eskatuko dio Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuari

L.Z. | EiTB MEDIA

Geroa Bai koalizioko Jabi Arakamak azpimarratu du Parlamentuan gaur onartutako mozioa ez dagoela ETAko presoei soilik zuzendua, "espetxeratu guztiei baizik, egindako delitua gorabehera".

  • María Chivite eta Jose Maria Aierdi, gaurko saioa hasi aurretik

    María Chivite eta Jose Maria Aierdi, gaurko saioa hasi aurretik. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Ostegun honetan onartu duen mozioaren bidez, presoak gerturatzeko eskatuko dio Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuari. Navarra Suma koalizioaren ezezko botoa soilik jaso du proposamenak.

Ekimenaren alde, Geroa Bai koalizioko Jabi Arakamak azpimarratu du gaur onartutako mozioa ez dagoela ETAko presoei bakarrik zuzendua, "espetxeratu guztiei baizik, egindako delitua gorabehera". "Posible da haien etxeetatik gertu dauden kartzeletara lekualdatzea, sakabanaketa arriskutsua baita senitartekoentzat, bereziki pandemia garaiotan", esan du.

Ildo horretan, biktima guztientzat "egia, justizia eta ordaina" eskatu du.

PSNko bozeramaile Inmaculada Juriok, aitzitik, ETAko presoetan jarri du arreta. "Argi hitz egingo dugu. ETAko presoei buruz ari gara. Nire alderdiak legea betetzea nahi du. Garai batean, salbuespeneko neurri gisa, presoak urruntzea babestu genuen, ETA existitzen zelako, baina 2018az geroztik ez du zentzurik, dagoeneko ez baita herritarrentzako arazo bat", azaldu du.

Horregatik, birgizarteratze printzipioa defendatu du, baina ETAko presoen kasuan "ñabardura batekin": "Egindako mina aitortzea". "Presoak gerturatuta ez gara legea urratzen ari, horrek ez baitakar espetxeratuen zigorgabetasuna", adierazi du.

EH Bilduko Bakartxo Ruizek nabarmendu du sakabanaketa politika ez zela inoiz existitu behar, eta horrekin amaitzeko ordua dela: "Ez da zentzuzkoa mendekua luzatzea, elkarbizitzan aurrerapausoak emateko garaia da".

Podemoseko Ainhoa Aznarezek, bestalde, azpimarratu du biktima guztien eskubide direla egia, justizia eta ordaina. Halaber, memoria kritikoaren alde eta salbuespenezko espetxe politikaren kontra agertu da.

I-E alderdiko Marisa de Simonek ere horren aldeko apustua egin du, alegia, presoen birgizarteratzeaz mintzatu da, bestak beste, "zigor bati beste zigor bat gehitzea" zentzugabea dela iritzita. "Haien senitartekoek bidaia hain luzeak egin behar ez izateak ez du ETAren indarkeria babestearekin zerikusirik", erantsi du.

Azkenik, mozioaren aurka, Navarra Sumako Javier Esparza "atsekabetuta" azaldu da PSNren jokabidearekin. Sozialistei aurpegiratu die ETAko presoei "ongietorriak" egiten dizkieten alderdiekin itunak adostea, agintean egotearen truke.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena