Politika -
Hauteskunde orokorrak
Nortzuk osatuko dute Rajoyren Gobernua?
PPko buruzagiak berak aurreratu du egungo Gobernua baino murritzagoa eta teknikoagoa izango dela. Soraya Saenz de Santamariak kargu garrantzitsua izango duela aurreikusten da.
Erredakzioa
Espainiako hauteskunde orokorretako emaitzak jakinda, oraingo interes nagusia Mariano Rajoyren Gobernu berria nortzuk osatuko duten izango da, ministroak nortzuk izango diren jakitea, alegia.
Rajoyk berak aurreratu du dagoeneko egungo Gobernua baino murritzagoa eta teknikoagoa izango dela. Hortik aurrera, kinielak egiten hasi dira adituak.
Indar handia hartu duen hautagaia Soraya Saenz de Santamaria da. PPren Kongresuko bozeramailea Rajoyren konfiantzakoa da, botere aldaketa egiteko hautatu dute eta adituek diote presidenteorde izateko aukera handiak dituela.
Cristobal Montororen izena ere bolo-bolo dabil eta Ekonomia edo Ogasuna egon liteke beretzat gordeta, izan ere, ministro ohia da eta PPren politika ekonomikoaz arduratzen da.
Jose Manuel Gonzalez Paramo Europako Banku Zentraleko kidea eta Luis de Guindos Estatu idazkari ohia ere aipatzen dira Gobernu berriaren arlo ekonomikorako.
Rajoyk gertuko jendea izango du Gobernuan eta Alberto Ruiz Gallardon Justizia edo Barne Ministerioetarako hautagaia da. Jorge Moragasek Atzerri Ministerioan egoteko aukerak ditu, Miguel Arias Cañetek Defentsan edo Nekazaritzan, Esteban Gonzalez-Ponsek bozeramaile edo Presidentzia lanak har ditzake eta Ana Mato eta Ana Pastorren izenak ere zabaldu dira ministro izan daitezkeelakoan.
Euskal popularrei dagokienez, Alfonso Alonsok eta Leopoldo Barredak Rajoyren Gobernu berrian egoteko aukerak dituzte. Antonio Basagoiti PPren presidenteak ETBn azaldu duenez, alderdi barruan "balio handiko" kideak daude, baina argi adierazi du bera ez dela Madrila joango, "nire lekua hau da".