Politika -

Egun On Euskadin elkarrizketa

Basagoiti: 'Ez dugu Patxi Lopez alde batera utziko'

"Patxi Lopez babesten jarraituko dugu legegintzaldi osoan jarraitzeko nahiz eta ez dugun denarekin bat egiten", esan du Antonio Basagoitik.

Antonio Basagoiti Egun On Euskadi saioan. Argazkia: EITB
Antonio Basagoiti Egun On Euskadi saioan. Argazkia: EITB
Basagoiti: 'Patxi Lopez babesten jarraituko dugu'

01:37

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hauteskunde orokorretako emaitzen balorazioa egin du Antonio Basagoitik, EAEko PPko presidenteak, ETB-2ko "Egun On Euskadi" saioan.

Orain lau urteko bozak mantentzea lortu dutela esan du, baina gehiago espero al zuten galdetuta, Basagoitik argi erantzun du: "Bai, nik gehiago nahi nuen, eta gehiago espero genuen, inkestek bost eserleku ere ematen zizkigutelako, baina emaitzak hala ere orain lau urtekoak baino hobeak izan dira; PSEk guk baino hiru aldiz boto gehiago lortu zituen, eta orain ez, eta EAJk guk baino bi aldiz boto gehiago lortu zituen, eta orain, ez".

EAJ eta Amaiurrek lehendakariari hauteskundeak aurreratzeko egin dioten eskakizunaren inguruan ere mintzatu da Basagoiti eta "Patxi Lopez ez dugu Eusko Jaurlaritzatik alde batera utziko", adierazi du.

"Ez dugu elkarrekin denean bat egiten, baina babesa ematen jarraituko dugu. Euskadi ez dago ezegonkortasunerako eta ez dugu ezer arrarorik egingo. Euskadiko Alderdi Popularrak Patxi Lopez babesten jarraituko du legegintzaldi osoan zehar, nahiz eta denarekin bat egiten ez dugun", esan du Basagoitik. "Euskadin elkarbizitza eta askatasuna lortu behar ditugu, nik Batasunak agintzen ez duen Euskadi bat nahi dut, eta horretarako denbora gehiago behar dugu".

PPk Gobernua lortu ostean, PSE eta PPren arteko harremanetan gehiago exijituko al duten galdetuta, Basagoitik esan du ez daudela jokoetarako, ongi gobernatzeko baizik.

Zentzu horretan, EAJ gogor kritikatu du eta laguntzeko eskatu die jeltzaleei. "EAJ benetan elkarbizitzarengatik eta Euskadiko egoera ekonomikoarengatik larrituta badago, lagundu egin behar du. Politikari arduratsuek, egoerez nola aprobetxatu pentsatu baino, lagundu egin behar dute. Eta jeltzaleei laguntza eskatzen diet, Lopezengan eta Basagoitirengan gutxiago pentsatzea eta gehiago Euskadirengan", adierazi du Basagoitik.

Kongresuan Amaiur talde mistoan uztearen alde azaldu da Basagoiti, koalizioak ez baitu talde propioa lortzeko behar den portzentajea lortu Nafarroan. Parlamentuko Mahaiak erabaki behar du orain zer egin, baina PPk gehiengoa izango du bertan.

Mariano Rajoyk Kongresuan ordezkaritza lortu duten alderdi guztiekin, Amaiurrekin izan ezik, hitz egingo duela esan ostean, Basagoitik adierazi du ez zaizkiola Rajoyri exijentziak egin behar. "Lehenengotik hasi eta azken atentaturaino kondenatu behar duen alderdiari exijitu behar zaio, beraz, arreta eurengan jarri behar da".

ETAren amaieraren aroaz ere mintzatu da eta Rajoyk zuhurtziaz jokatuko duela adierazi du. "Rajoyk oso ongi kudeatuko du dena eta badaki nola jokatu. ETAk erakutsi behar du orain eta armak utzi behar ditu; horretarako ez da negoziaketarik behar", ondorioztatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea