Politika -

Hauteskunde orokorrak

Amaiurrek ez dauka bermatuta talde parlamentarioa osatu ahal izatea

Kongresuko Mahaiak (PPk gehiengoa izango du) Araudiaren irakurketa zorrotza egingo balu, gerta liteke koalizio abertzalearen zazpi diputatuak Talde Mistora pasatzea.

Kongresuko 350 eserlekuen banakera hauteskunde orokorren ostean. EITB
Kongresuko 350 eserlekuen banakera hauteskunde orokorren ostean. EITB
Kongresuko 350 eserlekuen banakera hauteskunde orokorren ostean. EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abenduaren 13an osatuko dituzte igandeko hauteskunde orokorren ostean sortutako Gorte Orokor berriak, eta ondoren, Kongresuan ordezkaritza lortu duten alderdiek talde parlamentario propioa izatea eskatu ahalko dute.

Argi dago PPk, PSOEk, CiUk, IUk eta EAJk talde propioa izango dutela, baina ez guztiz Amaiurren eta UPyDren kasuan. Ganberako Mahaiak (PPk gehiengoa izango du) erabakiko du zer egin haien diputatuekin.

Kongresuan talde parlamentarioa izateko, Ganberako araudiak ezarritako bi baldintzetako bat bete behar da: gutxienez bost eserleku eta Espainia osoko botoen % 5 lortzea, edo gutxienez bost eserleku eta zerrenda aurkeztu den lurraldeetan botoen % 15 eskuratzea. Baldintzok bete ezean, diputatuak Talde Mistora pasatzen dira.

Amaiurren kasuan, koalizio abertzalea ez da aurkeztu Estatu osoan, baizik eta lau hauteskunde-barrutitan (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan). Horrenbestez, bost eserleku eta botoen % 15 behar ditu talde parlamentarioa izateko.

Eserleku kopuruan ez du arazorik, zazpi baititu (eskatutakoa baino bi gehiago), baina Nafarroan ez da iritsi botoen % 15era. % 14,86 ditu. Gertu.

Araudia eskuan, botoen % 15eko gutxieneko hori barruti guzti-guztietan bete behar dela ulertzen bada, Amaiurrek ez du talde parlamentarioa izango. Aitzitik, portzentaje minimoa barruti guztietan batez bestea eginez lortzen dela ulertzen bada, aise lortuko du. Interpretazio kontua.

Korapiloa, beraz, Kongresuaren Mahaiak askatu beharko du. Kongresuko iturriak ez dira ausartu zer gertatuko den aurrez ikustera, baina EAJk Nafarroan zerrenda aurkeztu duenean, alderdi jeltzalea ez dela % 15era heldu eta halere talde parlamentarioa izaten utzi diotela gogorarazi dute.

UPyDren kasua ezberdina da. Behar beste eserleku lortu ditu (bost justu), baina ez da heldu Espainia osoko botoen % 5era. % 4,69 eskuratu ditu, hain zuzen ere.

Aurrekariak ikusita, balizko konponbide bat beste talde batek diputatu bat 'maileguan' ematea da. Maniobra ohikoenetako bat da alderdi txikiek taldea osatu ahal izateko.

Esan bezala, baina, kasu guztietan Kongresuko Mahaia da talde parlamentarioen sorkuntzari buruz azken hitza duena.

Iraganean, Mahaiak malgutasuna erakutsi du alderdi txikiek taldea izan dezaten, baina ikusteke dago PPk malgu izan nahiko duen ezker abertzalearen aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea