Politika -
Hasierako harremana
Urkulluk Rajoy zoriondu du eta hitz egiteko borondatea erakutsi dute
EAJren EBBko presidenteak eta Gobernuko hurrengo presidenteak "kortesiazko elkarrizketa" bat izan dute. Biek egungo egoera ekonomikoak eragiten duen kezka azpimarratu dute.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak azaldu duenez, astearte honetan Gobernuko presidente berria izango den Mariano Rajoyrekin hitz egin du telefonoz. "Kortesiazko elkarrizketa" horretan, egungo egoera ekonomiko larriak eragiten duen kezka nabarmendu eta etorkizunean berriro hitz egiteko borondatea erakutsi dute.
ETB-2ko "Egun On Euskadi" saioan eskainitako elkarrizketan Urkulluk adierazi duenez, elkarrizketa hura "kortesiazko eta elkar zoriontzeko hasierako harreman bat" izan da. Gainera, Espainiako egungo egoera ekonomikoak sortzen duen kezka azpimarratu dute eta etorkizunean hitz egiteko prest azaldu dira.
"Hemendik hilabete batera Gorte Nagusiak osatuko dira eta gero Kongresua, Senatua eta batzordeetako presidentziak ere osatu beharko ditugu. Gainera, hurrengo urteko aurrekontuan ere pentsatu behar dugu, PPk gehiengo absolutua badu ere", esan du.
Horrela, Rajoyren eta buruzagi jeltzalearen arteko lehen kontaktuan "hitz egiteko borondatea" agerian geratu da. Berriro hitz egiteko datari buruz, "Alderdi Popularrak zehaztuko" duela gaineratu du Urkulluk. "Bere eskuan dago EAJko ordezkariekin noiz bilduko jakitea eta ez du halabeharrez presidentearekin izan behar", ondorioztatu du jeltzaleak.
Amaiur koalizioari buruz
Halaber, astearte honetan izandako elkarrizketan ez dute Amaiurrekin biltzeko Rajoyren ezezkoari buruz hitz egin. "Ez dugu auzi horri buruz hitz egiteko aukerarik izan baina bai hauteskundeek Euskadin utzitako emaitzei buruz eta botoen kopuruei dagokionez, zeintzuk izan diren alderdi garaile eta zeintzuk ez duten irabazi aztertzeko", gaineratu du Urkulluk.