Politika -
Auzitegi Nazionala
Mobilizatzeko deia egin dute Oihana Arregiren egoera salatzeko
Etxeratek "kalera ateratzeko" deia egin du ostiralerako, "injustua eta krudela" delako pertsona bat zigortzea "bere ideiak azaltzeagatik".
Etxeratek "kalera ateratzeko" deia egin du ostiralerako kartzela-politika salatzeko eta Oihana Agirreri babesa adierazteko, zortzi urteko kartzela-zigorra ezarri baitio Auzitegi Nazionalak Askatasuneko kide izateagatik.
Oihanaren lagunek, lankideek, preso ohiek eta senideek prentsaurrekoa eman dute Donostian Auzitegi Gorenak Agirreri ezarritako zigorra berretsi duela salatzeko.
Mattin Troitiño Etxeraten bozeramaileak esan du "injustua eta krudela" dela pertsona bat zigortzea "bere ideiak azaltzeagatik".
Era berean, ostiralean protesta egiteko "nahikoa arrazoi" bazituztela aitortu arren, orain "pisuzko arrazoia" dutela gaineratu du, izan ere, "Oihanak etxean behar du".
Gainera, presoen eskubideen aldeko borrokak herritarren parte-hartzea eskatzen duela azpimarratu du Troitiñok.