Politika -
Euroagindua
Ventura Tome ETAko ustezko kidea espainiaratzea onartu du Bruselak
ETAren 'Saioa' taldeko ustezko kidea urriaren 28an atxilotu zuten, Belgikan.
Erredakzioa
Bruselako Apelazio Gorteak Ventura Tome Quiroga ETAren "Saioa" taldeko ustezko kidea espainiaratzea erabaki du, iturri judizialek jakinarazi dutenez.
Tome Quiroga urriaren 28an atxilotu zuten, Belgikan.
Horrela, Gorteak atzera bota du lehen auzialdian hartutako erabakia, hasieran epaileek errefusatu egin baitzuten estraditatzea.
Ventura Tomek hiru auzi ditu irekita Espainian, 80 hamarkadan izandako atentatuak direla eta, eta orain behin-behineko espetxealdian izango da estradizioa gauzatu arte.
Haren abokatuak, baina, iragarri du helegitea aurkeztuko dutela Kasazio Auzitegi Gorenean gaur edo etzi.
Tomek 17 urteko espetxe zigor bat bete behar du, 1985eko apirilaren 3an Nafarroan bi guardia zibil hiltzen saiatzeagatik. Auzi horri du oinarri euroaginduak.
Horrez gain, baina, 22 urteko beste kartzela zigor bat dauka zain, 1983an eta 1984an kalte terroristak egiteagatik Egea de los Caballerosen (Zaragoza), Lizarran eta Zangozan (Nafarroa).
Bigarren atxilotua
Ventura Tome ETAko beste ustezko kide batekin atzeman zuten, Javier Aguirre Ibañezekin hain zuzen ere.
Ibañezen kasuan, Auzitegi Nazionalak bi euroagindu eman zituen, eta behin-behineko espetxealdian dago.