Politika -
TXOSTENA
Eskuin muturrak Nafarroan edo nafarren kontra egindako 33 atentatu zenbatu dituzte
"Terrorismo ezezaguna. Eskuin muturrak Nafarroan egindako atentatu terroristak (1975-1985)" izeneko txostenak hiru hilketa eta desagerpen bat jaso ditu.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Eskuin muturreko taldeek Nafarroan edo nafarren kontra egindako 33 atentatu zenbatu ditu "Terrorismo ezezaguna. Eskuin muturrak Nafarroan egindako atentatu terroristak (1975-1985)" izeneko txostenak. Carlos III Unibertsitateko ikerlari talde batek egin du, Nafarroako Gobernuko Bakearen eta Bizikidetzaren zuzendaritzak eskatuta. Ikerketa ez dago oraindik itxita, salatu gabeko eraso gehiago daudelakoan.
Aipaturiko txostenak hiru hilketa, Montejurrako biak eta Angel Gurmindorena Hendaian, eta Jose Miguel Etxeberria Naparraren desagerpena biltzen ditu. Horrez gain, liburu denden kontrako erasoak, alderdi politikoen eta sindikatuen egoitzen aurkakoak, ostalaritzako hainbat establezimenduren eta sanferminetako peña baten aurkakoak ere jaso dituzte.
Ikerketa ez dago itxita, izan ere, badakite txostenean jasotakoez gain salatu gabeko eraso gehiago daudela. Kasu batzuetan lokaletan eta etxebizitzetan izandako kalteak ez ziren salatu eta beste batzuetan, ostera, epairik ez egoteagatik indarkeriaren biktimak aitortzeko eta konpentsatzeko onartutako legeetatik kanpo geratu ziren.
Horiek dira, besteak beste, Nafarroako Gobernuaren Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak Madrilgo Carlos III Unibertsitateko "Gregorio Peces-Barbar" Giza Eskubideen Institutuari eskatutako ikerketak azpimarratzen dituen puntuetako batzuk.
Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak atzoko aurkezpenean adierazi zuenez, Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak "iragana argitzeko eta terrorismoaren biktimei, kasu honetan GALen eta eskuin muturreko taldeen biktimei, erreparazioa eskaintzeko" eskatu dituen azterlanen parte da txostena.
Ollo kontseilariarekin batera aurkezpen ekitaldian parte hartu zuten Martin Zabalza Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendariak eta Javier Dorado eta Ignacio Perez Macias ikertzaile taldeko kideetako bik.
Eraso asko aitortzarik gelditu direla jakinda, Giza Eskubideen Zuzendaritzarekin harremanetan jartzeko eskatu diete atentatu gehiagoren berri dutenei.
Txostenaren baitan gutxi gorabeherako atentatuen taula bat egin dute. "Eskuin muturreko taldeek eragindako indarkeriaren izaera dela eta, azaldu dugun bezala, ekintza asko zigorrik gabe geratu ziren, salaketarik eta prozedura judizialik gabe. Datu batzuk biktimek emandako testigantzetatik datoz", azaldu zuten.
Erregimenaren azken urteetatik jarduten zuten eskuin muturreko taldeen zerrenda ere aipatzen du ikerketak: Guerrilleros de Cristo Rey, Triple A, ATE (Anti-Terrorismo ETA), Batallon Vasco Español edo Accion Nacional. Horietako askok Estatuko aparatuen babesa zuten.
"Eskuin muturreko terrorismoak sufrimendu pertsonal eta soziala utzi zuen, indarkeria terrorista jasan duten pertsona guztiek merezi duten justiziarekin tratatu ez dena", amaitu zuten.