Politika -
Hauteskunde orokorrak
Hauteskunde-legea aldatzea eskatu dute alderdi txiki batzuek
Equo, Partido Animalista Contra el Maltrato Animal, Escaños en Blanco eta Por Un Mundo Más Justo alderdiek arauaren erreforma bat eskatu dute Bilbon.
Erredakzioa
Equo, Partido Animalista Contra el Maltrato Animal (Pacma), Escaños en Blanco (Eb) eta Por Un Mundo Más Justo (PUMJ) alderdiek Hauteskunde-legearen inguruko eztabaida eskatu dute gaur Bilbon. Arauaren erreforma sakona egitea nahi dute alderdi horiek.
Lau alderdi horiek ez zuten ordezkaritzarik lortu igandeko hauteskundeetan. Hauteskunde-legearen "bidegabekeria eta proportzionaltasun falta" salatu dute alderdi txikiek. Gainera, aurten onartutako erreformak "murrizketa berriak" ezarri dituela kritikatu dute, izan ere, alderdi berriak eta ordezkaritzarik ez dutenak "nabarmen zigortzen" ditu araudiak.
Lau alderdiek ia 500.000 boto jaso zituzten. Ordezkaritzarik ez duten alderdiek hauteskundeetara aurkezteko abalak bildu behar izatea eta kanpaina egiteko erakudeen finantzaketarik ez izatea kritikatu dute.
Telebistan denboraz gozatzeko dituzten zailtasunak eta eztabaidetan presentziarik ez izatea "desabantaila" dela salatu dute. Lortutako boto bakoitzeko dirurik jasotzen ez dutela kritikatu dute, ordezkaritza lortzen duten alderdiek bai jasotzen dutelako.