Politika -
Elkarrizketa
ETAko presoak hurbiltzeko 'ordua iritsi da', Patxi Lopezen ustez
Iritzi hori Mariano Rajoyri azalduko diola esan du lehendakariak, eta Espainiako Gobernuko buru berriak "bakearen alde bultzatuko du", bere ustez.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak uste du ETAko presoak hurbiltzeko "ordua iritsi dela", gainera, "behar denean birgizarteratzea" eta gaixo dauden presoei hirugarren gradua ezartzea ere defendatu du.
Neurri horiek "legedia hautsi gabe" hartu daitezkeela esan du “El Correo” egunkarian egin duen elkarrizketa batean. Mariano Rajoyk Gobernuko Presidentzia hartzen duenean, iritzi hori azaldu egingo diola eta PPko buruak "bakearen alde bultzatu" egingo duela gaineratu du Patxi Lopezek.
Sorturi buruz, auzitegiek legeztatu egingo duten esperantza erakutsi du lehendakariak, eta hori dela eta, ezker abertzalea "politikagintzan sartuko da", gaineratu du.
EAEn hauteskunde orokorrek utzi dituzten emaitzen inguruan ere hitz egin du. Amaiur indartsu sartu da nahiz eta Legebiltzarrean ez duen ordezkaritzarik, baina lehendakariak esan du bere gobernuak "zilegitasun berdina" duela.
Hauteskundeak aurreratzea baztertu egin du berriz ere, "krisiari aurre egin behar zaionean arduragabekeria" delako. "Euskadi ez dago urtebetean hiru hauteskunde kanpaina egiteko", azpimarratu du.